Berbalagunek Gorrotxategiren txokolate-museoa bisitatu dute
Berbetan programako berbalagunek zapatu goiz gozoa pasa zuten. Goizean goiz autobusa hartuta, Tolosarantz abiatu zen hemezortzi berbalagunez osatutako taldea, Rafa Gorrotxategi gozogintzan erreferente handienetako bat denak bertan baitauka obradorea, Txokolatearen museoarekin batera.
Lehenengo eta behin, txokolate dastaketa egiteko aukera izan zuten, kakao-alea, kakao-pasta, kakaoa esnearekin, osagai desberdinekin... eta txokolatea egiteko prozesuaren inguruko azalpenak ere entzun zituzten Gorrotxategi beraren ahotik.

Ondoren, museoan sartzeko aukera izan zuten. Museo zoragarri honek txokolatearen elaborazioaren bilakaera historikoa erakusten du. Bost mende baino gehiagoko bizitza duen istorioa. Bisitan metateak eta mota guztietako tresna primitiboak aurki daitezke, horietako batzuk kolonaurrekoak.

Bisita amaitu ondoren, txokolate-gozoak erosi zituzten bertako dendan eta, Tolosan bapo bazkaldu ondoren, pozarren itzuli ziren berbalagunak Eibarrera.