BERBETAN, euskara praktikatzeko modurik naturalena
Euskaraz badakizu, baina hitz egitea kostatzen zaizu; badakizu zer esan, baina hitzak ez zaizkizu nahi bezain erraz ateratzen; euskara ikasten ari zara eta euskaltegiko klaseetatik kanpo ere praktikatzeko beharra sentitzen duzu, edo, agian, urteak daramatzazu euskara ikasten, baina zure egunerokoan ez duzu norekin erabili.
Horrelako egoerei erantzuteko sortu zen Berbetan mintzapraktika-programa 2002an. Urteak pasatu arren, oinarrian duen ideia ez da aldatu: “Euskaraz hitz egiteko aukera ematea, presiorik gabe, giro lasaiean eta ahalik eta modu naturalenean. Gehienetan, talde txikiak izaten dira, eta horrek elkarrizketa errazten du”, diote euskara elkartetik.
Euskarazko harremanen topagune
Mintzapraktika-talde baten funtzionamendua ez da soilik praktika behar duen pertsonaren ardura; deialdia bi norabidetakoa da. Alde batetik, euskaraz praktikatzeko beharra dutenentzat: ikasleentzat, hitz egiteko erraztasuna lortu nahi dutenentzat, lanean edo beste esparruren batean euskara erabili behar dutenentzat. Eta, bestetik, euskaraz dakitenentzat: beste batzuekin euskaraz egiteko prest daudenentzat, euren denbora eta hizkuntza partekatu nahi dutenentzat. “Batzuek euskaraz hitz egiteko beharra dute. Beste batzuek, euskaraz hitz egiteko aukera ematen dute. Eta bien arteko elkargune horretan dago Berbetanen benetako balioa”.
Lotsa gainditzeko gune lasaia
Askotan, zailtasuna ez da euskara ez jakitea. Lotsa izan daiteke, esandakoa gaizki aterako ote den beldurra, edo, besterik gabe, ohitura falta. Hor sartzen da Berbetan. Talde txiki batean, konfiantzazko giroan eta astean behin elkartuta, lehenengo pausoak ematea errazagoa izan daiteke. Euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea da kontua.
Eta nola egiten da hori guztia? Modu sinplean: elkartu, eseri eta berba egin. Normalean, taldeak taberna batean elkartzen dira, zerbait hartzeko eta tarte batean euskaraz aritzeko. Eguneroko kontuak izan daitezke hizpide: lana, familia, asteburuko planak, herriko kontuak... Azken batean, edozein lagunartek izango lukeen elkarrizketa. Eta hor dago programaren indarguneetako bat: euskaraz hitz egitea ez dela jarduera apartekoa bihurtzen, eguneroko bizitzako beste ekintza bat baizik.
Euskal harreman-sarea handitzeko aukera
Berbetanen beste osagai garrantzitsu bat talde ezberdinetako parte-hartzaileen arteko harremana da. Urtean zehar hainbat irteera eta jarduera antolatzen dira, eta horietan berbalagunek elkar ezagutzeko aukera izaten dute. Asteroko talde txikia zabaldu egiten da horrela. Pertsona batek bere ohiko taldeko kideekin hitz egiteaz gain, beste talde batzuetako jendea ere ezagutzen du. Eta horrek, pixkanaka, euskarazko harreman-sarea handitzeko aukera ematen du. Horregatik, Berbetan ez da soilik astean behin elkartzeko hitzordu bat. Euskarazko harreman-sare bat eraikitzeko bide ere bada.
Eta hori bereziki garrantzitsua da euskaraz egiteko aukerak mugatuak dituztenentzat. Inguruan euskaraz egiteko ohitura duen jenderik ez badago, zaila da hizkuntza praktikatzea.
Horixe da Berbetan: euskaraz egiteko aukera txikiak sortzea, astez aste, hitzez hitz, harremanez harreman.
Eta batzuetan, hizkuntza bat gehiago erabiltzen hasteko, hori besterik ez da behar: norbaitekin euskaraz berba egiteko lekua, denbora eta konfiantza.