Berbetaneko lagunak Atarrabian
2016/05/18
08:25
eta kitto!
Aurreko zapatuan ospatu zen aurtengo Mintza Eguna Atarrabian, orain dela hamar urte jaia lehen aldiz ospatu zen herri berean. Urteroko moduan Euskal Herri osoko mintzalagunek egiten duten lana eta ahalegina aitortzeko aitzakiarekin batu ziren Gasteiztik, Bilbotik, Deriotik, Donostiatik, Hondarribitik, Baztandik, Bortzirietatik, Eibartik eta beste hainbat tokitatik joandako 140 bat lagunak eta ederto eman zuten eguna Atarrabiako Karrikaluzek eta Topaguneak antolatutako festan: Paz de Ziganda ikastolako haurrek aurreskua dantzatu zieten ongi-etorria emateko eta, hamaiketakoa hartu eta gero, batzuk Atarrabian barrena eta beste batzuk, berriz, Oihana mendira joan ziren. Eguerdiko triki poteoa eta bazkaria amaituta, mintzakideen artean sariak banatu zituzten. Aurten, Soraluzeko, Eguesibarko eta Txorierriko kideei aitortu zitzaien egindako ahalegina.