Berbetanekoak Mintza Egunera
Euskal Herriko mintzalagunen jaia hartuko du bihar Elgoibarrek eta, urteroko moduan, Mintza Egunarekin bat egingo dute …eta kitto! Euskara Elkartearen Berbetan programan parte hartzen dutenetako askok. Zapatu honetakoa zortzigarren edizioa izango da eta jaiaren aitzakiarekin Euskal Herri osoko 300 bat mintzalagun elkartuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Parte hartzera animatzen direnek, besteak beste, Elgoibarko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko aukera paregabea izango dute eta mingainak dantzan jartzeko aukerarik ez zaie faltako. Egitaraua 11.00etan hasiko da, Elgoibarko Maalako parkean joandako guztiei ongietorria egin eta hamaiketakoarekin. 12.00etan Elgoibarko kaleak eta historia ezagutzeko aukera izango da, Pello Arrieta historialariak gidatuko duen ibilaldian. 13.30etan Mintza Kalejira hasiko da, dultzaineroekin, eta handik ordubetera, 14.30etan berriz ere Maalako parkean batuko dira, bazkaltzeko. Bazkalostean, 16.30ak aldera omenduei sariak banatu eta bertsolarien saioa hasiko da eta, jaia agurtu aurretik, 17.30etatik aurrera, erromeria eskainiko du eMePebo5t taldeak.