Beroaren aurrean, igerileku freskoa

Kanpoko igerilekuetara jotzen dute eibartar askok egunik beroenetan
2025/07/11 10:30
eta kitto!

Hilabete ere ez dugu egin udan, baina bero handiko hainbat egun pasa ditugu dagoeneko. Eguzkiak ondo jo du Eibarren eta bakoitzak ahal duena egiten du egoera horri aurre egiteko: itzaletan egon, etxean haizagailuaren alboan, mendira doaz batzuk, hondartzara beste hainbat, eta eibartar askok herrian dugun oasi urdinera jotzen dute, kanpoko igerilekuetara.

 

Eguazten goiza da, 11:00 inguruan. Hodeirik gabe hasi dugu eguna eta iragarpenak dio eguzkia gailenduko dela zeruan, eta tenperaturek ere gora egingo dute. Gauzak horrela, goizean goizetik eibartar askok kanpoko igerilekuetarako bidea hartu dute eta, goiz izanik ere, lagun asko elkartu dira dagoeneko hango zelaian.

Mugimendu asko dago atean, udalekuetan dabiltzan umeak gogotsu sartu dira, badaude beste talde batzuk ere, ohiko erabiltzaileak, denboraldi honetan lehen aldiz Ipuruara doazenak, txartela berritzeko zer egin behar den galdezka dabiltzanak… Susana Gonzalez atezainarekin berba egin nahi dugu, baina ez du etenik bere jardunean. “Eguraldiak asko baldintzatzen du hemengo jarduna. Gaur, zerua urdin-urdin dago eta jendea dabil goizean goizetik”, diosku tarte bat hartu duenean.

Ezin da deskuidatu, ondo baitaki jendeak moduak bilatzen dituela ordaindu barik igerilekuan sartzeko. “Normalean mundu guztia batera etortzen da eta umeak batzuetan ez dira ondo portatzen. Batzuetan tranpak egiten saiatzen dira txartelekin. Batzuek gurasoen txartelak erabiltzen dituzte eta kendu egin behar izaten dizkiegu”, ohartarazi digu. Horrelako kontuez gain, erabiltzaileak ondo portatzen direla diosku. “Hori bai, jendea gogo askorekin etortzen da bero egiten duenean, grinatsu”, bere berbetan.

Goizetan, normalean, jende nagusia joaten dela dio atezainak, eta arratsaldean familiak eta gazte gehiago elkartzen direla bertan. “Gero, asteburuetan beste jende mota bat etortzen da”, bere berbetan. Bestalde, hilabetetik hilabetera ere aldea egoten da. “Ekaina demasa izaten da. Jendetza etortzen da eta batzuek oraindik ez dute abonua edukitzen, uztailean hasten delako urte erdiko abonua, eta sarreran nahasketak sortzen dira. Gero lasaitu egiten da egoera, uztailean ere jende asko etortzen den arren”.

Ordena pixka bat, ondo pasatzeko Beroa kentzeaz gain, ondo pasatzeko tokia ere bada igerilekua, eta hori horrela izaten saiatzen da Ekain Muñoz soroslea: “Orain artekoan ezbehar txikiren bat gertatu da (mozketak, urratuak…), baina bestela ez da arazo larririk egon denboraldi honetan. Jendeak ondo errespetatzen ditu arauak eta gure esanak, eta sorosleek nahi izaten duguna da ordenari eustea eta, jende asko dagoenez, adi egotea. Jendea ondo pasatzera dator, emozio handiz, eta gauzak ondo joatea da gure ardura”.

Goizak lasaiagoak izaten dira eurentzat ere. “Udalekuetako umeak etortzen dira eta monitoreek kontrolpean edukitzen dituzte”, bere berbetan, “baina arratsaldean nagusiagoak etortzen dira, bakarrik edo kuadrillan, eta nahasmen handiagoa egoten da. Dena dela, orokorrean ondo portatzen dira”. Gauzak horrela, goizetan sorosle bat egon ohi da eta arratsaldean bi, “abuztuaren erdialdean izan ezik”. Ulertzekoa da, sasoi horretan jende gutxiago egoten delako igerilekuetan.

 

Toki ona beti

Iker Argente ume talde baten ardura du igerilekuan, Astixako begiralea delako. Uretatik irten eta berba batzuk eskaini dizkigu, igerilekuan egoteaz gozatzen ari diren umeez inguratuta. “Igerilekuan oso ondo gabiltza”, diosku. “Astixako udalekuetan batzuetan Eibartik gauzak egitea tokatzen zaigu eta igerilekua beti izaten da toki ona”.

Oso gustura ibili arren, hobetzeko gauzak daudela uste du Argentek. “Beste herri batzuetako igerilekuekin alderatuz, Elgoibarkoekin adibidez, egia da espazio aldetik ez dagoela askorik Eibarren, Elgoibarren ur-txorrotak ere badaude…”, bere iritziz. Dena dela, espazio txikia egon arren, oso ondo pasatzen dutela diosku, “dena dugulako gertu”. Gainera, begiraleak bikain ikusten du igerilekuan kafetegia egotea. “Aurten jende berriak hartu du eta oso ondo dago”, bere berbetan.

Beste erabiltzaile batek bestelako hobekuntza batzuk proposatu dizkigu: “Igerileku inguruko lurra aldatuko nuke, bustitzen denean oso labainkorra delako. Eta zelaia ere hobetu beharko lukete, ia ez baitago belarrik”.

 

Tabernari berriak

Mondragon Unibertsitateko LEINN karrerako ikasle talde batek hartu du aurten igerilekuko tabernaren ardura. “Irailean Hego Koreara eta Indiara joango garenez, dirua lortzeko hartu dugu taberna”, azaldu digu Joseba Ortegak.

Oso esperientzia ona dihardu izaten eurentzat eta gustora dabiltza. “Jendearekin oso harreman ona egin dugu. Eguzkia egiten duen egunetan jende dexente ibiltzen da, baina ondo moldatzen gara”.

Igerilekua zabaltzen dutenean irekitzen ditu ateak tabernak ere, eta eskaintza zabala dago bertan. “Edariak, kafeak, izozkiak, patatak eta bestelako paketeak, bokatak, pizzak eta hanburgesak”, diosku Ortegak.