Berrehun lagunetik gora elkartu dira Eibarren Euskaraldia ON! topaketetan
Coliseo antzokiak Euskaraldia ON! topaketak jaso zituen atzo eta berrehun lagunetik gora bildu ziren bertan herritarren aktibazioan lehen pausoak emateko. 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa eta atzokoa izan zen ariketaren lehen mugarria.
Atzoko topaketan Euskaraldiaren antolaketan ibili diren edo ibiliko diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun dituzte. “Izan ere, herrietako mugimendurik gabe ez da Euskaraldirik posible izango”, diote antolatzaileek.
Herrien izen-ematea zabalik
Coliseoko ekitaldian ehunka herritako kideek hartu zuten parte, herrietan sortutako batzordeek ahalbideratzen baitute Euskaraldia. “Aurreko ediziotan 400dik gora herritan antolatu zen ariketa; herritarrek, euskara elkarteetako kideek, udaletako ordezkariek edota entitateetako arduradunek osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia herriz herri”, antolatzaileen berbetan.
Laugarren edizio honetarako ere egin dute antolatzen hasteko deia: “batu eta osatu batzordea, eman izena Euskaraldian!”. Atzotik aurrera dute herriek, beraz, izena emateko aukera, www.euskaraldia.eus gunean bertan.
Norbanakoen txanda, ordea, 2025eko martxoan izango da; orduan izango dute belarriprest eta ahobizi guztiek Euskaraldian izena emateko aukera.