‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren laugarren edizioa urritik abendura egingo da Eibarren
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak urriaren eta abenduaren artean egingo du ‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren laugarren edizioa, herritarrak jasangarritasunaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin.
Tailerretan parte hartzen dutenek eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikasiko dute, horien erabilera luzatzeko eta hondakin-kopurua murrizteko. “Horrelako tailerrak ematen jarraitzea garrantzitsua da, hondakinak murrizteari eta produktuak berrerabiltzeari buruzko sentsibilizazioan laguntzen dute-eta”, azaldu du Eva Juez Garmendia Ingurumen Saileko buruak. Bere hitzetan, “helburua da herritarrak mobilizatzea eta kontsumo-ohitura jasangarriagoak hartzera animatzea, ingurumenean inpaktu txikiagoa izateko xedez”.
10 tailer, herriko denda eta erakundeen eskutik
Aurten, guztira 10 tailer antolatu dira, herriko saltoki eta entitateen laguntzarekin: El Taller de Manualidades, Baratze, Adarabar, Kids&Party, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua, Eibarko Klub Deportiboa eta Koly Asociación Solidaria.
Tailerren artean, etxeko konponketa oinarrizkoak, joskintza, bizikleta konponketa, etxetresna elektriko txikien mantentzea, birziklatutako materialekin sortze-lanak edo aprobetxamenduzko sukaldaritza daude.
Tailerrek 8 eta 17 euro arteko prezioa izango dute, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren laguntza jasoko dute.
Aurrematrikula eta matrikula-prozesua
Aurrematrikulak egiteko epea astelehenean, irailak 22, irekiko da eta urriaren 2ra arte egongo da zabalik. Interesdunek aukera izango dute izena emateko Pegoran edo Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez.
Euskaraz: formularioa hemen
Gaztelaniaz: formularioa hemen
Pertsona bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman dezake izena. Parte-hartzaile kopuruak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da. Onartuen zerrenda urriaren 6an argitaratuko da Pegoran eta udal-webgunean.
Behin onartuak jakinarazita, urriaren 7tik 14ra egin beharko da matrikula, webgunean eskuragarri dagoen inprimakia betez eta Pegora Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoko sarrerako postontzian utziz.