“Berrikuntza errealitatea izan da beti Eibarren”

“Berrikuntza errealitatea izan da beti Eibarren”
2011/11/10 00:00
eta kitto!

-Berrikuntzaren Astea jarri zen martxan eguaztenean. Zertan datza?
Hainbat jardunaldi antolatu ditugu berrikuntzarekin lotuta, egun hauetan mundu mailan ospatzen delako hori. Gaur egun, berrikuntza berba asko erabiltzen da, baina zaila da modu batean azaltzen zer esan nahi duen. Orduan, gure buruari galdetu genion: berrikuntza zer da? Ikusi genuen Eibarren beti egin den gauza dela berrikuntza. Nonbaitetik hasi ginen, enpresa batzurekin, eta gero, enpresa horiek transformatu egin dira egoeren arabera, industria moldatu egin da, komertzioa ere… Beraz, berrikuntza berba kontzeptu potente bat dela antzeman genuen, zientzia eta teknologiarekin lotuta dagoena, baina baita ere jarrerarekin lotuta dagoen zerbait ere. Ikusi genuen praktika teoria baino askoz ere lehenago joan dela Eibarren eta hori izan da gure oinarria. Berrikuntzak gure egunerokotasunean duen garrantziaz arituko gara jardunaldietan. Eibarren berrikuntza errealitate bat izan da beti; horrela, iragana, orain eta etorkizuna lotzen saiatu gara.
-Nola?
Momentu bakoitzerako ekintza bana antolatu ditugu. Batetik, Armagintza Museoa daukagu. Oso didaktikoa da, oso ona, eta bertan ikusten da hemengo industriak nolako eboluzioa izan duen. Orduan, eguaztenetik, 9tik, domekara ate-irekien egunak izango dira, zapatuan Lantegi Eskolako 3 ikaslek eskopeta egiteko prozesua erakustiko dute eta domekan 11.00etan bisita gidatua egingo da doan. Orainaldiarekin lotuta, berrikuntzarekin bat eginda Alfa-Arte daukagu herrian. Horrela, hilaren 16an  Udal Eskoletako zeramika eta marrazketa ikasleak, eta Ignazio Zuloaga Institutuko Batxilergo Artistikokoek bisitaldia egingo dute bertara. Lanbide Hastapeneko eta Ingeniaritza ikasleak, euren aldetik, Teknikerrera joan ziren eguaztenean. Etorkizunera begira argi dago gauza batzuk hobetu egin behar direla eta hortan laguntzeko egon behar gara. Horregaitik, azaroaren 18an World Cafe bat egingo dugu bertako industrialdeko hainbat enpresa eta industriarekin lotura duten ikastetxeekin.
-Zertan datza zehazki World Café horrek?
Gure asmoa enpresen beharrak eta ikastetxeek eskaintzen dutena kontrastatzea da. Ea elkargune bat aurkitzen dugun. Orduan, mahai bitan banatuko dira, hainbat galdera planteatuko ditugu eta gero aldatu egingo dira lekuz, galderak osagarriak izango direlarik. Guzti honekin, eta guk geuk ere hobetzeko zer egin ahal dugun aztertuta, berrikuntzaren kontzeptua herritarrengana hurbiltzea nahi izan dugu. Askotan ematen du horrelakoetaz berbetan ari garenean, berba potoloak esaten direla eta ezer konkretua, baina jendeak erantzunak nahi ditu, gauzak argi egotea, lana edukitzea, hobetu ahal izateko zer behar duen jakitzea. Horregatik ez dugu nahi izan hitzaldi orokorrak eta horrelakoak egitea. Seguru badaudela hainbat aditu oso gauza interesgarriak esan ditzaketenak, baina hemen jende gehiago sartzen da. Gauzak aldatu egin nahi dira, baina gauzak aldatzeko baliabideak ipintzeaz gain, jarrera ere izan behar da.
-Garapen ekonomikoa, enplegua eta berrikuntza saila berria da Udalean. Zein da bere funtzioa?
Politikariek hobe erantzun ahal izango diote galdera honi, baina planteamendu da lan gehiago egitea, egoera ezberdina delako eta, nahiz eta etorkizunean krisirik ez egon, gauzak bultzatu egin behar direlako beste modu batzuetan. Industria, komertzioa… orokorrean ekonomia arloan zerikusia dutenak batzen dira sailean.
-Berria bada ere, saila martxan dago jada.
Ekimen hontaz gain, egin ditugu beste hainbat gauza ere. Ekimenak Eibarrera ekartzeko gestio asko egin ditugu, baina ez da erreza. Bestetik, hainbat lerro markatzen eta ekintzak garatzen dihardugu.
-Zeintzuk dira lerro horiek?
Lanbideko programak ekarri nahi ditugu, beste bide batzuk eskaini, sortzen diren ekimenen parte izan nahi dugu… gure asmoa, bestetik, lanarekin erlazioa duten informazioen bozgorailu izatea da. Momentu hauetan ez dugu guk antolatutako gauza handirik egiten, baina horiek etorri arte, lanaren gaineko informazioaren bozgorailu bezala gabiltza eta baita solaskide bezela.
-Partikularrei soilik ala enpresei ere zuzentzen zarete?
Printzipioz partikularrekin dihardugu lanean, baina enpresekin ere aritu behar gara. Hor gauza bat dago argi, Debegesa dagoela. Eurak aspalditik dihardute lanean eta elkarlanean aritu beharko gara. Orain, hasi besterik ez dugu egin.
-Hezkuntzaren ardura ere daukazu Udalean. Zer gertatuko da Lantegi Eskolarekin?
Lehen, INEMek zeukan bere eskumena eta, orain, Lanbidera pasa da. Zer gertatu den? Guk martxan geneuzkan proiektuak maiatzean amaitu ziren. Gure asmoa zen beste berri bat egitea, baina Lanbiden esan ziguten nahiago zutela ondo pentsatu zein izango zen euren jarrera (ez gai honetan bakarrik, guztietan). Ez dute ezetz esan. Gure ustez, behintzat, Lantegi Eskolako proiektua garrantzitsua da. Nolakoa izango den hemendik aurrera? Ez dakigu. Lehengo estruktura izango duen? Agian bai. Pentsatzen dut Lanbiderentzat ere beharrezkoa dela proiektu hau, baina ez digute momentuz ezer zehaztu.
-Momentuz, beraz, itxita jarraituko du?
Proiektu hori bai, baina beste bi sortu dira. Elgoibartik, adibidez, Lanbide Hastapenaren proiektua ekarri dugu. Gauzak egiten dihardugu; agian dena ez, baina beste batzuk bai.