Berrogeitik gora animalien aldeko elkartek sokamuturraren itzulera gaitzetsi dute Eibarren

Ekainaren 16rako elkarretaratzea deitu dute Untzagan, San Juan jaietako egitarauan hiru sokamutur sartzeko erabakiaren aurka.
Berrogeitik gora animalien aldeko elkartek sokamuturraren itzulera gaitzetsi dute Eibarren
2026/06/05 13:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskal Herriko berrogeitik gora animalien aldeko elkartek eta gizarte-kolektibok, herritar batzuekin batera, komunikatu bateratua plazaratu dute Eibarko San Juan jaietako egitarauan sokamuturra berriz sartzeko erabakiaren aurka.

Sinatzaileen arabera, Eibar ia hamar urtez izan da sokamuturrik gabeko udalerria, eta egoera hori urteetako mobilizazio eta sentsibilizazio lanaren ondorio izan zela gogorarazi dute. Hori dela eta, aurten jaietako egitarauan hiru sokamutur txertatzea "inposamena" dela uste dute, eta "atzerapauso nabarmena" dela animalien ongizatearen ikuspegitik.

Komunikatuan diotenez, erabakia ez da behar bezalako adostasun sozial eta politikoarekin hartu, eta kritikatu dute Udalak sokamuturraren itzulera justifikatzeko "errealitatea islatzen ez duten argudioak" erabili izana, hala nola "gazteek eskatu dutela" esatea.

Era berean, salatu dute sokamuturraren itzulerak "animalien sufrimendua eta tratu txarrak plaza publikoan normalizatzea" dakarrela, eta haurrei zein gazteei mezua helarazten diela "aisialdia izaki zaurgarrien beldurraren eta sufrimenduaren gainean eraiki daitekeela". Horren harira, Nazio Batuen Erakundeak haurrek ikuskizun taurinoekiko duten esposizioari buruz egin dituen gomendioak eta Agenda 2030aren balioak aipatu dituzte.

Bestalde, sinatzaileek gogora ekarri dute 2025ean Eibarko Udalak zezenzaleen elkarte bati udal lokal bat hamar urterako lagatzea onartu zuela. Haien ustez, neurri hura eta oraingo sokamuturraren itzulera "tauromakia herrian sustatzeko eta indartzeko bide bereko urratsak" dira.

Komunikatuan adierazi dutenez, "zientziak frogatu du ikuskizun hauetan erabiltzen diren animaliek sufrimendu fisikoa eta psikologikoa pairatzen dutela: beldurra, estresa, ihes egiteko saiakerak, erorketak eta babesgabetasun egoera". Horregatik, nabarmendu dute "ez direla entretenimendurako objektuak, sentitzeko gai diren animaliak baizik".

Animalien aldeko elkarteek adierazi dute jai eredu "moderno, parte-hartzaile, berdinzale eta sufrimendurik gabekoaren" alde egiten dutela, eta kultur, kirol zein aisialdirako bestelako alternatibak lehenestearen alde agertu dira. "Badira indarkeriarik gabe festak ospatzeko beste hamaika modu", diote.

Horren harira, elkarretaratzea deitu dute ekainaren 16rako, 19:00etan, Untzaga plazan. Mobilizazioaren helburua izango da sokamuturraren itzuleraren aurkako jarrera erakustea eta "animalien sufrimendurik gabeko jaiak" aldarrikatzea. Komunikatua amaitzeko, mezu hau zabaldu dute: "Jaiak bai, baina animalien sufrimendurik gabe".