Bertan behera geratu dira biharko eta etzirako Haurreskolak partzuergoan deitutako grebak

Steilasen eta ELAren irudiko, LABek eta Eusko Jaurlaritzak izenpetutako lan hitzarmen berrian ez daude behar bezala jasota beraien aldarrikapenak
Bertan behera geratu dira biharko eta etzirako Haurreskolak partzuergoan deitutako grebak
2025/02/11 17:03
eta kitto!

Berriako Irati Urdalleta Lete kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

Bihar eta etzi ez da grebarik egongo Haurreskolak partzuergoan. LABek, Steilasek eta ELAk egina zuten deialdia, baina atzo iragarri zuen LABek —gehiengoa dauka— partzuergorako lan hitzarmen berria izenpetu duela Eusko Jaurlaritzarekin. Dokumentua sinatu ez badute ere, Steilasek eta ELAk ere bertan behera utzi dituzte deialdiak; ELAren esanetan, LABek gehiengoa duenez, «legez kanpokoa» litzateke grebak egitea.

Steilasek eta ELAk aletu dituzte akordioa ez sinatzeko arrazoiak. Steilasen esanetan, zera da arrazoi nagusia: aurrez egindako bi greba egunekin —Haurreskolak partzuergoko langileak urtarrilaren 28an eta 29an ere atera ziren kalera—, Eusko Jaurlaritza negoziazio mahaira «edukiak» ekartzen ari zen; alabaina, eduki horiek ez dituzte asetzen grebetan izan dituzten aldarrikapenak. «Merezi dugun lan hitzarmena lortzeko aukera paregabea galdu da». Izan ere, sindikatuak zenbait «gabezia» atzeman ditu. Adibidez, lan zamak arintzeari eta ratioei dagokienez, ez dute begi onez ikusten lanpostuak esleitzeko irizpideak beranduago negoziatuko dituztela, eta, soldatei lotuta, diote ez dutela berreskuratuko erosahalmena: «60 euroko igoera eman digute, urtean %0,17ko igoera; %23 galdu dugu». Gainera, diotenez, ez da hobekuntzarik egon langile taldeak gaztetzeko ere.

Aldiz, aitortu dute beste zenbait eremutan aurrerapenak egon direla; ez behar bestekoak, ordea. Esan dute, adibidez, urteko eta eguneko lanaldietan egon direla aurrerapausoak. Baina: «Ez dira nahikoak izan, batez ere, administrazioaren proposamenarekin txanda egunak galdu direlako». Halaber, uste dute lizentzietan eta baimenetan badaudela eduki berriak, baina ia guztiak Madriletik datozela. «Beste langile publikoek jada badituzte». Eta ordezkoentzat lortutako hobekuntzak, berriz, beraien lanaren emaitza direla ziurtatu dute: «Administrazioak hasieratik proposatutako zirriborroa asko hobetzea lortu bada, Steilasek egindako ekarpenei esker izan da, gureak izan baitira ordezkoen eskubideak eta eguneroko arazoak ekiditeko baliabideak txertatzen dituzten proposamenak».

ELAk prentsaurreko bat egin du egoera baloratzeko. Ezkor mintzatu da. Haren esanetan, hitzarmenarekin haur eskoletako langileei «iruzur» egin diete: «Zalantzarik gabe, greba dinamika honek akordio hobea merezi zuen». Aitortu dute greben ondorioz «aurrerapen txikiak» egon direla negoziazio mahaietan. Alabaina, akordioa ez dute begi onez ikusi: «Ez ditu jasotzen grebetako aldarrikapen nagusiak; hala nola, erosahalmena berreskuratzea, erretiroa aurreratzeko neurriak, lanpostuak egonkortzeko neurriak eta ratioak hobetzea».

LABek akordioa sinatuta, ELAk dio ezin dutela aurrera jarraitu greba deialdiekin, «langileek erakutsi duten arren mobilizatzen jarraitzeko gogoa»: «LABek gehiengoa dauka, eta legez kanpoko greba bat izango litzateke». Dena dela, partzuergoko lan baldintzak eta zerbitzua hobetze aldera, protestekin-eta jarraitzeko asmoa badaukate: «Greba gehiago eta gogorragoak egitea ezinbestekoa izango da hezkuntza zerbitzua eta hezkuntza publikoko langileen baldintzak hobetzeko».

Beste grebak, aurrera

Haurreskolak partzuergoko langileen lanuzteak bertan behera geratu dira, beraz; ez, ordea, momentuz behintzat, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleentzat eta garbiketako eta sukaldeetako langileentzat deitutakoak. Hain zuzen, datorren asteazkenean egingo dituzte lanuzteak garbiketako eta sukaldeetako langileek; irakasleek, berriz, otsailaren 26an eta 27an.