Bertso jaialdia baino askoz gehiago hartuko du Portaleak domekan
Arkaitz Estiballes bertsolaria Bizkaiko txapelduna da. Ez hori bakarrik, aurtengo finalerako ere zuzenean sailkatu zen aurreko asteburuan egindako saioa irabazita. Fin dagoen seinale. Beñat Gaztelumendi bigarrena izan zen iaz Gipuzkoako txapelketan eta Alaia Martin hirugarrena txapelketa berean. Eta Uxue Alberdi, idazteaz gain, plazarik plaza dabil azken urte hauetan. Laukote bikaina, beraz, Portalean izango duguna etzi arratsaldean. Galdakaotarrarentzat Bizkaiko txapelari begira prestaketa bikaina izan daitekeena aukera polita dute donostiarrak, oiartzuarrak eta elgoibartarrak saioa biribiltzeko.
Eurekin jardungo du IKER IRIARTE gai-jartzaileak eta, nola ez, hor izango dira Ixak Arruti gitarrarekin eta Eneko Sierra saxoarekin. Iriarte desiatzen dago saioari ekiteko: “Primerako kartela da osatu dutena, plaza gehien egiten dituztenekin moldatutakoa. Etorkizuna izateaz gain, laurak goi mailan dihardute bertsogintzan”.
Horrelako saio bat prestatzeak aurrelana eskatzen dio gai-jartzaileari: “Gitarrajolearekin eta saxofonistarekin, biekin egon naiz aurretik, gaiak eta doinuak musika tonu berean joan daitezen. Alaiagoak ere izan behar dutelakoan”.
Bere burua, dena dela, bigarren planoan ikusten du Iriartek, “saioaren ildoari eusten”. Badaki, dena dela, “hobeto edo okerrago, talde-lana egin beharko dugula”. Saio musikatuak talde-sentsazioa ekartzen dio: “Zeozergatik hasi naiz hilabete aurretik gauzak prestatzen”. Doinuei dagokienez, “betidanik plazan entzundakoekin batera, beste batzuk bertsogintzara ekarritakoak ere izango dira: Camarón, Calamaro eta horienak”.
Musikatuaren abantailak
Getarian hamar urte bizitzen daraman UXUE ALBERDI elgoibartarrak ere gogo biziz ekingo dio saioari: “Saio dibertigarria izango da, seguru nago. Musikatua izanda, zaleak ez direnak ere erakartzeko balio du-eta: errazago sartzen da, asko laguntzen du, umoretik kargatuta, festa giroan”. Horrelako saioak bereziki gustoko ditu Alberdik:
“Gaiak informazio bat ematen dizu eta musikak beste bat; azken honek, gainera, asko laguntzen du emozioa lortzen edo pikaroa izaten. Horretarako sortzen du erritmo egokia”. Bertsolariak “akonpañatu” baino gehiago “pertsegitu” egiten dituela dio Uxuek.
Kartela ere ez zaio arrotz egiten: “Laurak elkarrekin ibilitakoak gara Santutxuko bertso eskolan, Bilbon. Hortik aparte, lagun onak gara eta elkar ondo ezagutzen dugu”. Zein bertso saio duen gogokoen galdetuta, “bereziki musikatuak” diosku. “Txapelketak ez daude txarto, baina dibertitzeko aukera gutxiago eskaintzen dute, epaitua zarelako eta beldur sentsazio hori zaila delako baztertzea”. Txapelketak ikasteko balio dutela sinestu arren, garrantzi handiagoa ematen dio berak gozatzeari: “Sufrimendua ezin zaio jendeari transmitititu; gozatzea da funtsezkoena”.
Aukera polita, beraz, etzikoa bertsoak eta musika entzuteko. Bost eurotan bakarrik! Txartelak salgai daude Sagar-Bitzan, Deporren eta Kultun.