Bertso paper lehiaketako irabazleak aukeratu dituzte
Lan ugari jaso ditu aurten ere …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako San Andres Bertso Paper lehiaketak. Txikienen mailan, Lehen Hezkuntzan, 140 lanen bueltan aurkeztu dituzte herriko ikastetxeek eta lehen saria, Arrateko Andra Mariko Aurelis Dalila Martinez-ek irabazi du. Bigarren saria, berriz, Juan Antonio Mogel ikastolako Irati Etxeberriak eraman du. Nagusienen mailan hamar lan jaso dira aurten, eta bi sariak Eibartik kanpora joan dira: irabazlea Abadiñoko Eñaut Uruburu izan da eta bigarrena, berriz, Oreretako Aitor Albistur (iazko irabazlea). Irabazleek azaroaren 25ean Portaleko areto nagusian gaueko 22.00etatik aurrera egingo den San Andres bertso jaialdian jasoko dute saria. Jaialdi horretan Manu Goiogana, Nerea Elustondo, Xabi Astigarraga, Odei Barroso, Ainhoa Mujika eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek jardungo dute. Sarrerak salgai daude 5 eurotan Depor, Kultu eta Sagar Bitza tabernetan.