Bertso-paper lehiaketarako lanak barixakura arte jasoko dira
Barixaku honetan, azaroaren 8an amaituko da XIX. San Andres bertso-paper lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Maila bi bereiziko dituzte aurten ere: 16 urtetik beherakoek (Eibarko ikasleek) bertso bat edo 2 kopla aurkeztu beharko dituzte, eta 16 urtetik gorakoek, berriz, 4 puntu edo gehiagoko 6 bertso gutxienez (asko jota 10). Gazteen kasuan irabazleak liburua eta txapela irabaziko ditu eta bigarrenak liburua eta plaka. Nagusien mailako irabazleak 300 euro eta txapela eramango ditu eta bigarrenak, berriz, 250 euro eta plaka. Lanak azaroaren 8rako entregatu beharko dira …eta kitto! Euskara Elkartean (Urkizu 11, solairuartean). Gaia eta doinua libreak izango dira. Lanaren hiru kopia gaitzizenarekin bidaliko dira eta beste orri batean, eta gutunazal itxian, gaitzizena identifikatzeko datuak (izen-abizenak, telefonoa eta adina). Irabazleek abenduaren 1ean (domeka) Portaleko areto nagusian egingo den San Andres bertso jaialdian jasoko dute saria.