Bertso-saio elektronikoa egingo da gaur Errebalen
Lanku Kultur Zerbitzuen eta Hankamotxak bertso eskolaren eskutik gaur 22:00etan bertso-saioa egingo da Errebal Plazan. “Itzali eta Piztu” izenekoa bertso-saio elektronikoa izango da, eta gaur izango da estreinaldia, Eibarren. Haizea Aizpurua, Haizea Arana, Julio Soto eta Oihana Bartra bertsolariak arituko dira, Manex Pagola eta Libe Goenaga musikarien laguntzarekin, eta gai-jartzailea Idoia Anzorandia izango da. Hemen ...eta kitto! paperezko astekarian antolatzaileekin, Hankamotxak-ekoekin egindako elkarrizketa:
Zertan datza bertso-saio elektronikoa? Nola azalduko zenioke ez dakien bati?
Guretzat ere zerbait berria eta ezezaguna da. Lankuk ekoiztu duen proiektu berria da, urriaren 3an Eibarren estreinatuko dena. Beraz, denontzat ere izango da sorpresa. Dakiguna da bertan lehen aldiz uztartuko direla bat-bateko bertsolaritza eta zuzeneko musika elektronikoa, bertso-doinu tradizionalak musika elektronikoaren bidez interpretatuz eta musika elektronikoaren doinuak bertsotara ekarriz. Hau da, bertsolariek doinutegi berritu eta birmoldatu baten gainean inprobisatu beharko dute musika elektronikoaren doinuak bertso-neurrietara ekarriz, baina bertso-doinutegi tradizionalaren ondarearen parte diren doinuak ere bertsionatuko dira musika elektronikoaren bidez. Ohiko bertso-saioen esentziari eutsiz, zerbait ezberdina eta berritzailea ikusiko dugula uste dut.
Nondik sortu da saio elektronikoa?
Esan bezala, Lankuk kudeatzen duen proiektu berri bat da, Eibarren urrian estreinatu eta Euskal Herriko hamaika txoko ezberdin ezagutuko dituena. Ideia eta zuzendaritza artistikoa Manex Pagola, Libe Goenaga eta Aner Peritzena da. Hiru gai-emailez, hamaika bertsolariz eta hiru musikariz osatutako taldea sortu dute, eta asmoa da bertso-saio bakoitzean txandakatuz joatea, leku bakoitzean taldea osatzen duten kide ezberdinek parte hartzea.
Nor izango dugu bertsotan? Eta nor gai-jartzaile gisa?
Gaurko bertso-saio elektronikoan Haira Aizpurua, Haizea Arana, Julio Soto eta Oihana Bartra izango ditugu kantuan, Manex Pagola eta Libe Goenaga musikariek lagunduta eta gaiak ematen Idoia Anzorandia arituko da.
Hankamotxak eskolatik zer espero duzue saio honetatik?
Hankamotxak-en gogotsu gaude zita honetarako, horrelako proiektu bat gurean estreinatzeak ilusio berezia egiten digu eta dagoen kartelarekin benetan ederra izango dela uste dugu. Jende guztia animatu nahi dugu hurbiltzera, benetan plan bikaina delako eta Errebal Plazia jendez lepo ikustea beti delako pozgarria guretzat, are gehiago horrelako ikuskizun bat izanda.
Ikasturteari begira, zer antolatu duzue Hankamotxak Bertso Eskolatik?
Azken ikasturteetan ez da erraza izaten ari Eibarren bertso-eskolen kontua; izan ere, ez dago izena eman nahi duen jende nahikorik. Gaur gaurkoz umeen bertso-eskolarik ez dago, nahiz eta hamaika saiakera, motibazio saio, eta abar egin ditugun, eta helduena ere ez dago bere momenturik onenean. Noizbehinka batzen gara aritzeko, baina ez modu konstantean. Horregatik, hemendik bertso munduan aritu nahi duen edonor animatu nahi dugu hurbiltzera edo gurekin kontaktuan jartzera, izan ume, nerabe zein heldu, inoiz ez da berandu hasteko!
Hala eta guztiz ere, Hankamotxaketik argi daukagu bertsogintza herrian zehar hedatzen eta, ahal dugun heinean, eskaintza egiten jarraituko dugula, izan bertso-eskola zein bestelako bertso-saioen bidez.