Beste bost greba egun egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleek

Maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako deitu dute greba
Beste bost greba egun egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikoko irakasleek
2025/04/10 12:02
eta kitto!

Berria  hedabidean Olatz Silva Rodrigo kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.

 

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek grebara deitu dute maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako. Kritikatu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo egindako proposamenak ez diela erantzun egokia ematen aldarrikatutako edukiei.

 

Bederatzi greba egun egin dituzte aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek. Joan den asteko asteazkenean egin zuten azkena, eta LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek ohartarazi zuten grebekin jarraitzeko «indartsu» zeudela, Hezkuntza Sailak aldarrikapenei erantzun ezean. Esan eta egin. Beste bost greba egun iragarri dituzte maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16rako.

Hamabost urte daramatzate irakasleek lan hitzarmena eguneratu gabe. Hitzarmen berria izenpetzeko negoziazioak ez dira errazak izaten ari. Gaur azaldu dutenez, joan den asteko bileran, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «negoziaziorako egutegia baino ez» zien aurkeztu, eta atzo arratsaldean helarazi zien proposamen bat. Kritikatu dutenez, baina, proposamen horrek ez die erantzun egokirik ematen sindikatuek aldarrikatutako edukiei. Horregatik erabaki dute berriro grebara jotzea.

Izan ere, sindikatuek hitzordua dute bihar Hezkuntza Sailarekin. Deialdi horrek, baina, «sinadura bakarrik dauka helburu», eta Steilasek, LABek, ELAk eta CCOOk argi utzi dute ez dutela sinatuko. Hezkuntza Sailari exijitu diote «eduki, zehaztapen eta bermeak dituzten proposamenak» mahai gainean jartzeko, «inolako baldintzarik gabe».

Besteak beste, hauek dira irakasleen eskaerak: lan zamak arintzea; lanpostu publikoak bermatzea eta egonkortzea, erosahalmena berreskuratzea; eta lan osasuna, euskara eta hezkidetza bermatzeko proposamenak egitea.