Beti hor egon den etxetik, mundura
"Ortuko gauzak gustatzen zaizkit, baina nire etorkizuna ez zegoen ortuan". Esther Guisasolaren hitzek ondo laburbiltzen dute bere ibilbidea. Eibarko Sosola baserrian jaio eta hazi zen, baina txikitatik izan zuen argi bere etorkizuna ez zela baserriko lanetara mugatuko. Medikua izan nahi zuen, ikasi eta mundua ezagutu. Hasierako asmo guztiak bete ez bazituen ere, horietako asko asetu ditu.
84 urte bete berri dituela, bere bizipenak, familiaren oroitzapenak eta Sosolaren historia liburu batean bildu ditu, besteak beste, ilobei amamaren bizitzaren lekukotza uzteko. Oroitzapen pertsonaletatik abiatuta, belaunaldi baten bizimodua eta Eibarko historiaren hainbat pasarte ere jaso ditu. Sosolan hartu gaitu, bere bizitzako agertoki nagusian. Mendeetako historia gordetzen du baserriak, eta Estherrek ere badu zer kontatu: ikasketak, euskara, herriko egitasmoak eta bidean ezagututako pertsonak.
Mendeetako historia duen baserria
Urko mendiaren magalean dago Sosola, Eibarko haranari begira. Gaur egun baserri gisa ezagutzen dugun eraikinak bestelako eginkizunak ere izan ditu. Haren horma sendoek eta gezileihoek iragan urrun baten aztarnak gordetzen dituzte. Gariak garrantzi handia izan zuen Sosolan. Estherrek gogoratzen du nola gari-soroak ia etxeraino heltzen ziren. Sagarrak ere ezinbestekoak ziren: garai hartan, ura edan beharrean sagardoa edanda gaixotasunak saihesten zituztela uste zuten. Horregatik, tolarea ere bazegoen baserrian. Liburuan familiaren oroitzapenak dokumentazio historikoarekin uztartu ditu, Sosolaren bilakaera eta bertan bizi izandako belaunaldien nondik norakoak jasotzeko. 1942ko azaroan jaio zen Esther bertan. Frankismo garaiko haurtzaroa izan zuen, eta orduko eskola-giroa gogoan du. Nesken gelan ikasten zuen, diziplina zorrotzaren menpe. "Jolastokira irteten ginenean ere formatu egiten ginen eta Cara al Sol kantatu behar izaten genuen", kontatu digu. Haurtzaro hartan hasi zen bere etorkizuna beste modu batera irudikatzen. Baserria maite zuen, baina bazekien beste zerbait egin nahi zuela. Ikasteko gogo horrek bere ibilbide osoan lagundu dio.
Ikasteko gogotik, herrigintzarako konpromisoa
Medikuntza ikastea zuen amets, eta osasun-arloan lan egitera iritsi zen. Semeak jaio ondoren, ordea, euskarazko hezkuntzarekin egin zuen topo, frankismoaren azken urteetan. Semeetako bat Eibarko San Andres elizako beheko geletan antolatzen ziren euskarazko eskoletara eramaten zuen, eta bertan laguntza eskatu zioten: "Zu hemen behar zaitugu".
Horrela hasi zen irakaskuntzan. Familiako ardurak eta ikasketak uztartuz, batxilergoa osatu, unibertsitaterako sarbidea gainditu eta Magisteritza ikasi zuen Bergaran. Gerora, Eibarko Mogel ikastolaren proiektuan ere parte hartu zuen. Baina Estherren jarduna ez zen hezkuntzara mugatu. Eroskiren sorrerarekin lotutako egitasmoetan, baserritarren antolakuntzan eta euskararen aldeko ekimenetan ere aritu zen. Horien artean dago irakurtzen ari zaren …eta kitto! hedabidearen sorrera. Fernando Muinozguren eta beste hainbat lagunekin batera, Eibarren euskarazko komunikabide bat sortzeko lanean jardun zuen. Muniozgurenen ekarpena bereziki gogoratzen du: "Bera zen burua, arima". Haren lana behar bezala aitortu ez izanak kezkatzen du oraindik. Herrigintzarekiko lotura hori Andirao baserritarren elkartearen sorreran ere islatu zen. Gaur egun martxan jarraitzen duen elkarteak Eibarko landa-eremuko bizilagunen beharrei erantzutea izan du helburu.
Sosolako ateak zabalik
Estherren bizitzak Sosolatik kanpo bide luzea egin badu ere, baserriak bere egunerokoaren parte izaten jarraitzen du. Gaur egun landetxea kudeatzen du, eta bisitariei harrera egitearekin batera, eraikinaren historia ezagutarazten die. Izan ere, mendeetako historia duen baserriak bizirik jarraitzen du, garai berrietara egokituta. Baserriak ez dio nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin duen loturari uko egin. Bi behi dituzte, eta haien esnearekin gurina egiten dute. Bestalde, Enrike semeak eta Aizpea haren emazteak ogia, pastak eta bestelako produktuak prestatzen dituzte, osagai naturalekin. Ekoizteko modu horri garrantzi handia ematen diote, eta Esther harro dago egiten duten lanarekin. "Hau irla bat da. Ez diogu ezeri ezer botatzen, inolako produkturik, bakarrik naturala dena", azaldu du. San Andres azokan ere ez dute hutsik egingo aurten. Urtero bezala, Sosolan egindako produktuak eramango dituzte, eta hitzordu berezia izango da familiarentzat. Urte luzez parte hartu dute azokan, eta hainbat sari ere jaso dituzte bertan. Eibarko baserritarren eta herritarren arteko topagune izateaz gain, Sosolan egiten duten lana ezagutarazteko aukeraere bada haientzat.
Bizitakoa ondorengoei uzteko
`Sosola. Beti hor egon den etxea´ ez da baserri baten historia hutsa, ezta Estherren ibilbide profesionalaren kronika soil bat ere. Oroitzapen pertsonalak, familiaren historia eta garai desberdinetako bizimoduak biltzen dituen kontakizuna da. "Neure ilobei lagatzeko zeozer amamaren bizitzakoa". Hitz gutxitan azaldu du Estherrek liburua idazteko arrazoia. Bizitakoak ez galtzea nahi du, ondorengoek jakin dezaten nondik datozen eta aurreko belaunaldiek zer-nolako bizimodua izan zuten. Estherren esperientzien bidez, Eibarko iraganaren zati bat ere agertzen da: baserriko bizimodua, frankismo garaiko hezkuntza, euskararen aldeko lana eta herriko hainbat egitasmoren sorrera. Sosolak mendeak daramatza Urkoren magalean, belaunaldiak joaten eta etortzen ikusten. Estherrek, berriz, etxe hartatik abiatu eta askotariko bideak egin ditu, sustraiekin lotura galdu gabe. Orain, bizitakoaren zatibat paperean utzi du, hurrengo belaunaldiek beren kabuz ezagutu dezaten. Baserriko ateek zabalik jarraitzen dute.Eta barruan, oraindik kontatu gabeko istorio ugari aurkitu daitezke.
