Indarkeria matxistaren inguruko irakurketa-gida prestatu dute Eibarko bi liburutegik
Indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatzeko irakurketa-gida prestatu dute Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Andretxeako Maistrak Liburutegiak, elkarlanean. Azaroaren 25aren, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren, harira egin dute ekimena, Eibarko Udalak Berdintasun Zerbitzuaren eta Andretxearen bidez antolatutako egitarauaren barruan.
Gidak helduentzako eta gazteentzako liburu eta filmen aukeraketa jasotzen du. Hainbat gai lantzen dituzte proposatutako lanek, besteak beste, harreman toxikoak eta kontrol-harremanak, sexu-indarkeria, prostituzioa, indarkeria digitala, genero-estereotipoak eta genero-desberdinkeriak.
Saiakerak, eleberriak, lekukotasunak eta ikus-entzunezko lanak bildu dituzte aukeraketan. Horien bidez, indarkeria matxistaren hainbat adierazpide eta bizipen ezagutzeko aukera eskaintzen du gidak, baita indarkeria horien arrazoiak eta ondorioak aztertzekoa ere. Era berean, indarkeria betikotzen duten jokabideak eta diskurtsoak zalantzan jartzeko tresna izan nahi du.
Liburutegietan eta sarean eskuragarri
Irakurketa-gida Juan San Martin Udal Liburutegian, Andretxean eta sarean egongo da eskuragarri. Gainera, bi guneetan informazio-puntuak jarriko dituzte, aukeraketa ezagutarazteko eta proposatutako materialak herritarren eskura jartzeko.
Antolatzaileek herritarrak gida kontsultatzera eta liburutegietara gerturatzera gonbidatu dituzte. Irakurtzea, ezagutzea eta hausnartzea indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia kolektiboa eraikitzeko tresnak direla nabarmendu dute.
