Bi haurreskola berri irekiko dira Eibarren: 41 plaza gehiago 0-2 urteko haurrentzat
Haurreskoletako plazen eskaerari erantzunez, Eibarko udalak jakinarazi du bi haurreskola berri jarriko dituztela martxan herrian. Instalazio berriei esker, 0-2 urte bitarteko 41 plaza sortuko direla ezagutarazi du udalak.
Haurreskolen Partzuergoko datuen arabera, gaur egun Orbeako zentroa beteta dago, baina Arrateko Andra Marikoan eta Amañan oraindik ere badago plazarik. Hala ere, partzuergoak irailean erregistraturiko zerrendan argi dio “datuak ez direla behin betikoak, gelen tipologiek nahiz eskaintzen diren plaza kopuruek aldaketak jasan ditzaketela, haurren bajak eta izenemate garaian jasotzen den izenemate kopurua kontutan izanik”.
Haurreskola berrien lanak ZAMAKOA SA enpresari esleitu zaizkio, 500.396,66 euroko aurrekontuarekin, eta abenduan amaituta egongo direla aurreikusten da.
Haurreskolen sare berritu honek ondorengo lokaletan izango ditu egoitzak: bata Jazinto Olaben, udal ludotekaren ondoan; bestea, Blas Etxeberrian, Cascoko eraikinaren beheko solairuan. Udalak esandakoaren arabera, 90 metro koadrotik gorako espazio hauek “eroso eta seguru diseinatu dira, lehen haurtzaroari egokituta”.
Obrak amaitutakoan, lokalak Haurreskolen Partzuergoaren esku geratuko dira, eta erakunde horrek hartuko du bere gain ekipamendua eta martxan jartzearen ardura.