| Deporren mendeurrena ospatzen hasi dira

2024/01/30 12:47
eta kitto!
Eibarko Klub Deportiboak 100 urte bete ditu gaur eta egun osoko egitaraua prestatu dute mendeurrena ospatzeko. Horrela, goizean herriko ikasleekin topaketak egin dira Astelena frontoian, Uni Eibar-Ermuako kiroletako zikloetako ikasleen laguntzarekin.

Egitarauaren ekintza gehienak, ostera, arratsaldean egingo dira, eta Deporren webgunearen bitartez zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.

Arratsaldeko lehen ekintza Astelena frontoian egingo da baita ere, 17:30etik 19:00etara. Bertan, bost korrikalarik 100 kilometro korrika egingo dituzte (Asier Cuevas, Julen Teran, Aitziber Urkiola, Oihane Sarasketa eta korrikalari herrikoi bat); bost txirrindularik 100 kilometro bizikletan (Jokin Amorrosta, Pello Osoro, Maria Gallastegi, Ane Ziaran eta txirrindulari herrikoi bat); 100 lagunek, bost taldetan banatuta, pilotan egingo dute; eta xake partida azkarrak jokatuko dira. Txirrindulariei eta korrikalariei dagokienez, kilometro bakoitzeko euro bat emango dio Zaporeak elkarteari.

Horren ondoren, 19:00etan, bideo emanaldia eskainiko dute Astelena frontoian, eta ekintzak Errebalera pasako dira. Horrela, 19:30ean, Deporrek klubaren sorrera aktaren irakurketa egingo da han.

Errebaletik kalejira egingo dute Deporren egoitzara 20:00etan, eta 20_10ean sokadantza egingo da klubaren aurrean. 20:25ean errotulo berria bistaratuko dute, 20:30ean familia-argazkia egingo da, eta 20:35etik 21:30era luntx irekia klubean.

depor mendeurrena egitaraua