| ‘Untzaga plazaren bilakabidea lana argitaratu du Javier Martin Lapeyrak

2023/12/22 12:39
eta kitto!
Untzagak XIX. mendetik XXI. mendera izan duen bilakaerari buruzko liburua landu du Javier Martin Lapeyra ilustratzaile eta ikerlariak. Marrazki “arin, soil eta neutroen bitartez”, autoreak planoetan kokatu ditu orain arte argazkietan bakarrik ikusi ditugun eraikin eta abarrak, herriko plaza esanguratsuenak 1896. urteaz geroztik izan dituen aldaketak irudikatuz.

Udaletxeko batzar-aretoa lepo bete zen eguazten iluntzean ‘Untzaga plazaren bilakabidea’ liburuaren aurkezpenean. Liburuaren egilea, Javier Martin Lapeyra, pozik agertu zen 15 urteko prozesuaren ondoren lanak argia ikusi zuelako. “Ohorea da niretzat”, adierazi zuen. Jon Iraola alkateak, bere aldetik, esker oneko berbak besterik ez zituen izan Martin Lapeyrarentzat. Izan ere, bere hitzetan, “Eibarko eguneroko bizitza soziala eta kulturala ez litzateke ezagutuko Untzaga gabe. Hiriaren bihotza da”.

Martin Lapeyrak ere harreman estua du Untzagarekin, atzerrian lanean egin dituen hilabeteek eta urteek bere jaioterriarekin duen lotura estutu duen beste. “Sasoi luzeak pasatu izan ditut Eibartik kanpo, herria kanpotar baten begietatik ikusteraino”, bere berbetan. Orain dela urte batzuk, ostera, familiako baten galerak, eta Txaltxa Zelaiko frontoiaren eta arkuen eraikinaren eraisketak, oso galera garrantzitsuak izan ziren beretzat. “Oso galera intimoak izan ziren”, horiek baitziren herriarekin lotzen zituen elementu batzuk.

Autoreak aipatu bezala, eibartarrek nolabaiteko “trauma espaziala” jasaten dugu, “higiezinen galerek eraginda”. Beraz, galera horiek, gutxienez, gure memorian geratzeko asmoz, ikertzaile sena piztu zitzaion Martin Lapeyrari. “Berandu hasi nintzen amamaEibarren inguruan kontatu ahal zizkidan gauzak jasotzeko”, esan zuen atsekabez, baina argazkietan aurkitu zuen ikerketa abiatzeko haria. “Fenomeno berria hasi zen sasoi hartan: iraganeko argazkien trafikoa”, bere berbetan. “Interneti esker, irudien zabalkunde eta partekatze mugimendua hasi zen, irudi-artxiboetarako sarbidea izan genuen…”.

 

Ikerlari lana

Autoreak berak, 2010ean, “Parisen nengoela”, Plazaola fondoaren zabalkundean lagundu zuen bere blogari esker (javitxooo.blogspot.com). Gainera, Eibarko argazkien liburuak argitaratu ziren eta horrela, poliki-poliki, Martin Lapeyra “argazkien bildumagile” bihurtu zen, gauza batez ohartuz. “Untzagaren inguruan dokumentu ugari zeudela ikusi nuen. Irudi asko nituen, baina ordenean jartzeko beharra sentitu nuen”, azaldu zuen aurkezpenean. Beraz, ilustratzailea izanik, dokumentu eta irudi horietan jasotakoarekin, Untzagak izan duen bilakaera marrazkien bitartez irudikatzea pentsatu zuen. “Kamera geldoan izango balitz bezala”, bere berbetan.

Inork ez zion enkargurik egin, bere kabuz hasi zuen lana izan zen, harrera nolakoa izango zen jakin gabe. Orain, urteetako lanaren ondoren, merezi izan duela dio. “Gainera, polita izan da zuri-beltzeko liburuxka bezala hasi zena, orain tapa gogorreko liburu bat bezala aurkeztu ahal izatea”, bere ustez.

Edinburgon lan egin ondoren, etxera itzuli zen denboraldi baterako eta, gaiari heltzeko denbora zuenez, orduan ekin zion proiektuari. Horretarako, iturrietara jotzea izan zen lehen gauza. “Ahozko iturri gehienak hilda daude orain, baina horietako askorekin sasoiz egotea lortu nuen”, azaldu zuen. Bestetik, orduak eta orduak pasa ditu Eibarko Udal Artxiboan eta baita Donostiako beste artxibo batzuetan ere, eta Eibarko artxibozainaren lana goraipatu zuen.

Ahoz eta artxiboetan jasotakoarekin piezak bere tokietan sartzen hasi zen, baina ez zen lan samurra izan. “Iturri batek gauza bat esaten zuen eta dokumentuetan beste modu batean agertzen zen, adibidez. Pentsa dezakegu dokumentuetan agertzen dena izango dela zuzena, baina beti ez zen horrela izaten. Orduan, iturri guztiak aztertuta, akordio batera iritsi behar izaten ginen”, azaldu zuen.

 

Sei ilustrazio

Oinarri sendoak ezarri eta lan ikaragarria egin ondoren, 2010. urtean amaitu zuen liburua eta sei urte pasa zituen Udalari liburua eskaini arte. “Liburu didaktiko eta bisuala da horren emaitza”, autorearen ustez. “Untzagan egon diren elementuen atlas moduko bat da. Hau da, argazkietan agertzen diren eraikuntzak eta abarrak bere tokian kokatu ditut. Zalantza espazialak konpontzen saiatu naiz”, gehitu zuen.

Liburua sei ilustrazioren inguruan egituratzen da, 1896tik 2010era, 20 urteko denbora-tarteetan banatuta. Horrela, ‘vista caballera’ delako teknika erabilita, sasoi bakoitzean Untzaga nola zegoen ikusi daiteke, “drone batek Mekolatik argazki bat egingo balu bezala”. Horri, gainera, argazki zaharrak eta azalpenak gehitu dizkio.

Lehen ilustrazioa 1896. urteari dagokio. Sasoi horretan, Untzaga hiri-bazterrean zegoen, errebalean. “Ubitxako ubidearen eta Ego errekaren elkargunea zen. Erret Bideak herria gurutzatzen zuen eta plano horretan agertzen diren eraikin guztiak gaur egun ez dira osorik existitzen, baina zati batzuk bai. Izan ere, ia ziur gaude Txoko taberna dagoen eraikina eta Untzaga 2 eraikina Untzaga Jauregiaren piezekin eginda daudela”, adierazi zuen.

Bigarren marrazkiak Untzagaren egoera 1916an irudikatzen du. “Puntu horretara heltzean, desorientatu egiten zara”, bere ustez. “Untzaga Ramon Cortazar arkitektoaren proiektu handia bezala ezagutu daiteke, berak ezarri baitzuen gaur egun ezagutzen dugun laukizuzen handia”, gehitu zuen. Horretarako, aurreko ilustrazioan agertzen ziren eraikin asko desagertu behar izan ziren, plazak gaur egun duen itxura hartzen hasiz.

Hirugarren irudian, 1936koan, “plaza proportzionatuena” agertzen da, Martin Lapeyraren ustez. Plaza arkupez inguratuta zegoen eta Elgetarako bidea zabaldu zuten. Frontoiari dagokionez, hiru belaunaldi egon zirela aipatu zuen, eta sasoi horretakoari ‘frontoi zaharra’ deitzen zitzaiola. “Gainera, industriagunea desagertu zen”, zehazten du.

Hogei urte geroagoko irudian, 1956an, antzerki-aretoaren desagerpena nabarmendu zuen Martin Lapeyrak. “15 urtez egon zen agerian eta barrakak jartzeko aprobetxatzen zuten”, esan zuenez. Gainera, oso toki jendetsua bilakatu zen salmenta-etxetxoekin, saltzaileekin, musika-kioskoarekin… “Txaltxa Zelaiko frontoia tokiz aldatzeko proiektua eten egin behar izan zuten Gerraren ondorioz, horregatik argazkietan horzgabe ikusten da”, adierazi zuen.

1976an “aldaketa handia” gertatu zen antzerki-aretoaren gunean, Untzagako dorrea eraiki baitzuten. “Gure Eiffel dorrea da, batzuek atsegin dutelako eta beste batzuek ez”, bere ustez. Gainera, San Juan kalea ireki zuten eta Untzaga bide-lotunea bihurtu zen, oraindik trafiko handirik egon ez arren. Horrez gain, platanondoak landatu zituzten plaza inguruan.

Azken marrazkia 2010. urteari dagokio. Aldaketa handiena Txaltxa Zelain ikusi daiteke, bertan egin zen obra handiaren ondorioz. Gainera, bertako hego-hegalean zeuden hezetasun arazoak konpontzeko, gaur egun ditugun gradak jarri zituzten. “Eibarko sanbodromoa”, Martin Lapeyraren berbetan.

Aldaketa guzti horiek ikusita, “goia jo al dugu?”, galdetu zuen liburuaren autoreak. “Ez, noski", erantzun zuen. “Eibarrek aldatzen jarraitzen du. Argazkietan Eibar beti agertzen da mugituta”. Eta bai, Untzaga inguruan gaur egun egiten diharduten obrei begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Herriko bihotza beti dago martxan.

IMG_2131 IMG_2130 IMG_2129 IMG_2116 IMG_2111 IMG_2110 IMG_2109 IMG_2107