Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguneko azoka egingo da maiatzaren 23an

Azokak gure kontsumo ohiturei buruzko gogoeta sustatzea du helburu.
Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguneko azoka egingo da maiatzaren 23an
2026/05/19 11:45
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Egoaizia, Aldatze, La Salle eta Proyde-Proega GGKEek antolatuta, Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguneko azoka egingo da datorren maiatzaren 23an Bizikleta Plazan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 10:00etatik 14:00etara adin guztiei zuzendutako proposamena eskainiko da, “etorkizun jasangarria kontsumo arduratsuarekin” lelopean. 

Azokak kontsumo ohiturei eta horiek ingurumenean dituzten ondorioei buruzko hausnarketa sustatuko du, jarduera ludikoen eta hezkuntza materialen bidez, praktika kontzienteagoak berreskuratzearen garrantzia azpimarratuz.

Egunean zehar honako jarduerak izango dira, besteak beste:

  • Haurrentzako gunea: jolasak, eskulanak eta puzzle erraldoia.
  • Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta postua, elikagaiak erosteko aukerarekin.
  • Bidezko Merkataritzako produktuen dastaketa, zaporeak ezagutzeko eta ekoizpen-baldintza duinak ulertzeko.
  • Bidezko Merkataritzako produktuen saskien zozketa, azokara hurbiltzen diren guztientzat.
  • Tokiko ekimenen presentzia, hala nola Eibar Eraldatuz, ingurunea modu kolektiboan eraldatzeko helburuz.

Proiektuak Eibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Bidezko Merkataritza eta kontsumo arduratsua herritarrengana hurbiltzen laguntzen duten erakundeei.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera eta Bizikleta Plazara gerturatzera, "elkarrekin aldaketarako urrats bat emateko".