Bigarren eskuko udako azoka egingo da maiatzaren 31n

Azokan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea; epea zabalik dago gaurtik maiatzaren 27ra bitartean.
Bigarren eskuko udako azoka egingo da maiatzaren 31n
2025/05/19 13:50
eta kitto!

Aurten ere bigarren eskuko hiru azoka antolatuko ditu Eibarko Udalak. Lehena udako bigarren eskuko azoka izango da, maiatzaren 31n. Irailean, Europako Mugikortasun Astearen barruan kokatuta, bigarren eskuko bizikleten azoka, eta, abenduan, Gabonetako azoka. Modu honetan "Eibarko Udaleko Ingurumen SaiIak kontzientziazio-lanetan aurrera egiten jarraitu nahi du, herritarrei ikustaraziz erabilitako objektuek bigarren bizitza bat eduki dezaketela eta beste pertsona batzuek erabil ditzaketela". 

Maiatzaren 31ko bigarren eskuko udako azokan erabilitako objektuak saltzeko interesa dutenek bi modutara egin ahal izango dute. Postu bat (mahai bat) erreserbatu ahal izango da bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko; edo, bestela, erabilitako objektuak gordailu-zerbitzuan utzi ahal izango dira, gehienez ere egoera onean dauden 10 gauza, pertsona bakoitzeko; eta antolakuntzako taldea arduratuko da objektu horiek zaintzeaz eta saltzeaz. Horretarako, salgaiak zapatuan bertan (maiatzak 31) eraman beharko dira azokara, 09:00etatik 10:00etara bitartean. 

Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta saltzaileak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Kasu horretan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, ezta tamaina handiko objekturik ere. 

Esan beharra dago azoka uda partean egingo denez, oraingo honetan lehentasuna emango zaiela urtaro horrekin eta oporrekin zerikusia duten objektuei eta, besteak beste, honako hauek salduko direla: kiroletako, bidaietako eta hondartzarako artikuluak eta liburuak, eta musika- edo zinema-artikuluak. "Beraz, postuak adjudikatzean, lehentasuna emango zaiei baldintza hori betetzen dutenei", esan dute Udaltik.

Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak bertara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.

Salmentako postu batean parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Zita 943670249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea maiatzaren 19tik 27ra arte dago zabalik, biak barne. Gordailuko salmentaren kasuan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, nahikoa da objektuak eramatea 9:00etatik 10:00etar bitartean.