Bihar aurkeztuko dituzte hurrengo asteburuko Amañako jaiak

Bihar ekingo zaio Las Torres tabernan jokatuko den mus txapelketari
Bihar aurkeztuko dituzte hurrengo asteburuko Amañako jaiak
2025/07/03 12:57
eta kitto!

Bihar eguerdian, Amaña auzoko Laboral Kutxako bulegoetan egingo den ekitaldian, auzkeztuko dituzte Amañako Jaietako 47. edizioa.

Bihar gauean abiatuko da egitaraua, Las Torres tabernan jokatuko den mus txapelketarekin eta hilaren 18an amaituko da programazioa, egun horretarako antolatu duten jubilatuentzako bazkariarekin.

Tartean, datorren asteburuko barixakutik domekara, hau da, hilaren 11tik 13ra arte, garatuko da egitarauaren zatirik nagusiena, ekitaldiz betetako hiru egunekin. Barixaku horretan piztuko dute jaietako txupinazoa SD Eibar Fundazioko futbol egokituaren taldekideek eta, gaueko kontzertu itzelean, Lendakaris Muertos eta Modus Operandi taldeek hartuko dute parte, gure herriko Mugi Panderoarekin batera.

Zapatuan goizeko Artisautza Azokak, eguerdiko herri-bazkariak eta arratsaldeko parrilladari gauez Gora Herriak eskainiko duen berbenak ipiniko dio ginga.

Domekan, azkenik, umeentzako hainbat ekitaldi prestatu dituzte Jai Batzordekoek, asteburuari amaiera emateko Puro Relajo taldeak eskainiko duen kontzertuaren aurretik. Jakina, ez dira danborradak faltako: barixakuan umeena, eta zapatuan helduena.