Bihar goizean ezin izango da Errebalen aparkatu, jaialdia egingo delako
2013/04/12
00:00
eta kitto!
Zapatu goizean ezin izango da Errebal kaleki aparkalekua erabili, aurreko asteburuan bertan egitekoa zen jaialdia bihar zapatuan egingo delako, aurreko astebururako iragarritako eguraldi eskasarengatik azken orduan bertan behera lagatzea erabaki eta gero. Zona 10 elkartekoek Sabadell Guipuzcoano bankuarekin antolatutako jaia Errebal kaleko aparkalekuan izango da, 11.00etan hasi eta 15.00ak bitartean: 11.00etatik 12.00etara umeendako bizikleta eta pedal bariko motorren lasterketak egingo dira (adinaren arabera hiru maila bereiziko dituzte, 4 urtera arte, 4-6 urte bitartera artekoak eta 6-8 urte bitartekoak); 12.00etan ginkanari ekingo diote (kaskara-batzea, zaku-lasterketak...) eta horiek amaituta 13.00ean Sakaren zezentxo eta poniak ailegatuko dira. Jaia girotzen Arno DJ-k jardungo du, photocall-a ere egongo da eta graffitilariak hormak margotzen ibiliko dira. Joko eta bestelakoetan parte hartzen dutenentzat domina eta garaikurrak banatuko dituzte.