Bihar greba egitera deitu dituzte zaintza-lanetan ari diren 40.000 behargin
2021/01/25
15:59
eta kitto!
ELAk eta beste eragile sindikalek (LAB, UGT, CCOO, ESK, CNT) deituta, greba egingo dute bihar (urtarrilak 26) eta martxoaren 4an EAEko gizarte zerbitzuen sektorean, zaintza publikoa aldarrikatzeko. Guztira 40.000 langile inguru daude grebara deituta eta, ELA sindikatutik adierazi dutenez, “urtarrilaren 26a mobilizazio eguna izatea nahi dugu, ez soilik sindikatuontzat, baita zaintzaren gaiarekin ardura duten eragile guztientzat ere. ELAk egun horretan, bereziki, kaleak partekatu nahi ditu etxeko langileen elkarteekin, mugimendu feministarekin, zaintza esparruko senideen elkarteekin zein pentsionisten mugimenduarekin. Jakina da zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da”.
Mobilizazio ziklo honetako aldarrikapenak hauek dira:
Mobilizazio ziklo honetako aldarrikapenak hauek dira:
- Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).
- Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.
- 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).
- Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.
- Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.
- Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.
- Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bedren pandemiaren kalte larriak arintzeko.