Bihar hasiko da Arrate Kultur Elkarteak antolatzen duen Udako Ikus-entzunezkoen egitaraua, El mundo en bicicleta pelikularekin

Filmak Andoni Rodelgo ermuarrak eta Alice Goffart belgiarrak, Maia eta Unai seme-alabekin, bizikletaz munduan zehar egindako bidaia kontatzen du.
Bihar hasiko da Arrate Kultur Elkarteak antolatzen duen Udako Ikus-entzunezkoen egitaraua, El mundo en bicicleta pelikularekin
2024/07/01 09:37
eta kitto!

Bihar, uztailaren 2an, hasiko da Arrate Kultur Elkarteak antolatzen duen udako Ikus-entzunezkoen egitaraua, 22:00etan, El mundo en bicicleta pelikularekin eta ondorengo solasaldiarekin. Filmak Andoni Rodelgok eta Alice Goffartek, Maia eta Unai seme-alabekin, bizikletaz munduan zehar egindako bidaia kontatzen du. Pedalei eraginda, bikote honek 65.000 kilometro egin ditu guztira, bost kontinenteetan zehar (2.000 kilometro umeekin). Bidaian zehar milaka argazki filmatu eta bildu dituzte, esperientzia eta pasadizo ugarirekin, eta horietako batzuk film honetan ikusi ahalko dira.

Hurrengo egunean (uztailak 3), 19:30ean, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik  ZtandaP umorez betetako binakako bakarrizketa aurkeztuko dute. Aurretik egin dituzten emankizun arrakastatsuen haritik, honetan ere generoa hartuko dute umoregai, eta eguneroko gaiak lehertzen saiatuko dira, betaurreko moreak jantzita. 

Eta, zikloa ixteko, uztailaren 4rako, Markos Gimenoren obra erreibindikatzeko, programa oparoa antolatu dute. Joseba Sarrionandia eta Jokin Azpiazu protagonista izango dituen solasaldiarekin hasiko dira, 19:30ean: “Markos Gimenoren unibertsoan murgiltzeko, Joseba Sarrionandiak erakusketako sormen prozesuez eta bitxikeriez hitz egingo du, eta Jokin Azpiazu musikari eta sortzaileak, ostera, lagun eta taldekidearen ikuspegia ekarriko dizkigu”. Eta 22:30etik aurrera, berriz, Mursegok eta Dodomak musika eta irudiak eskainiko dituzte: "Markos Gimenoren erakusketako kartel eta palindromoetan inspiratutako emanaldian, kontzertua eta zuzeneko irudi proiekzioa eskainiko dituzte Maite Arroitajauregi konpositore eta Maialen Belaustegi artista bisualak, erakusketaren muinarekin bat eginez”. 

 

Markos Gimenoren palindromoen kartel erakusketa zabalik uztailaren 7ra arte

Aurreko astean zabaldu zen Markos Gimenoren euskarazko palindromoetan oinarritutako kartelen erakusketa Kultun. Uztailaren 7ra arte egongo da zabalik, ordutegi honetan: egunero 19:00etatik 21:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. Karteletako batzuk Markosek berak diseinatu zituen, baina orain bere lagun asko eta dozenaka euskal artista elkartu dira Markosen palindromoak kartel formatuan ilustratzeko.

Era berean, Esteban Montoriok diseinaturiko eta Joseba Sarrionandiak glosatutako bilduma jaso dute Markos Gimenoren ‘101 letrakartel’ liburuan.