Bihar irekiko da Gabonetako Bigarren Eskuko Azokan izena emateko epea

Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka abenduaren 13an egingo da Errebal Plazan.
Bihar irekiko da Gabonetako Bigarren Eskuko Azokan izena emateko epea
2025/11/26 11:28
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka antolatuko du aurten ere, abenduaren 13an (zapatua), Errebal Plazan. Ekimenaren helburua da berrerabilpena sustatzea eta objektuei bigarren bizitza bat ematea, kontsumo arduratsua bultzatuz.

Azokan parte hartzeko, aurrez erreserba egitea beharrezkoa da. Izena emateko epea bihar, azaroaren 27an (eguena), irekiko da, eta abenduaren 11ra arte luzatuko da. Erreserba telefonoz (943 670 249) edo online egin daiteke, www.merkabi.eus/eibar helbidean.

Objektuak saltzeko bi aukera egongo dira: salmenta-postu bat erreserbatzea edo gordailu-zerbitzua erabiltzea (gehienez 10 objektu). Bigarren kasuan, salgaiak abenduaren 14an, 9:00etatik 10:00etara, Errebalera eraman beharko dira. Onartzen diren produktuen artean daude liburuak, musika eta zine materiala, kirol-artikuluak, apaingarriak eta etxeko tamaina txikiko tresnak, betiere egoera onean badaude.

Haurrentzako tailerrak

Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, jardunaldiak haurrei zuzendutako bi tailer izango ditu; bata 3 eta 6 urte bitartekoentzat, eta bestea 7 urtetik gorakoentzat. Tallerretan material birziklatua erabiliz gabonetako apaingarriak egiteko aukera izango da, 11:30etik 14:00etara.