Bihar zabalduko da Aratoste lehiaketetarako izen-ematea

Bihar zabalduko da Aratoste lehiaketetarako izen-ematea
2018/01/29 23:33
eta kitto!
Aratosteetarako lehiaketa bi antolatu ditu Eibarko Udalak, kuadrillen kalejirako lehiaketa eta ondoen apaindutako tabernarena, hain zuzen ere. Aratosteetako kuadrillen kalejirako lehiaketan parte hartzeko izen ematea bihar (urtarrilak 30) zabaldu eta otsailaren 8an, 14:00etan itxiko dute. Eta Aratosteetan ondoen apaindutako tabernan lehiaketarako izen ematea ere bihar zabaldu eta otsailaren 9an, 14:00etan itxiko da. Lehiaketa biei buruzko informazioa Udalaren web orrian eskuratu daiteke.

IMG_4886
Aratosteetako kuadrillen kalejirako lehiaketa Aratoste Zapatuan (otsailaren 10ean) izango da, 12:30ean. Izena ematen duten taldeek gutxienez 10 partaide izan beharko dituzte. Ume zein helduek har dezakete parte, adinak berdin dio. Koko-jantzien gaia librea izango da, taldekideek aukeratuko dute, baina taldekide guztien koko-jantziek gaiarekin lotura zuzena izan beharko dute. Izen-ematea internet bidez, www.eibar.eus 
helbidean egin daiteke edo, bestela, PEGORAn, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan. Izena emateko orduan eskaera egiten duenaren datuak, kuadrillaren izena, koko-jantziaren gaia eta taldea zenbat kidek osatuko duten adierazi beharko dira.
Kalejira edo desfilea 12:30ean hasiko da, Untzagan, eta honako ibilbideari jarraituko diote: Untzaga, Calbetoin, Bidebarrieta, Urkizu, Arragueta, Errebal, Toribio Etxebarria eta Untzaga (harmailen aldea).
 Lehiaketarako izena ematen duten taldeek ibilbide guztia bete beharko dute. 
Bestalde, desfilea hasi baino ordu laurden lehenago, 12:15ean, talde bakoitzetik arduradun bat karpako eszenatokira joan beharko da, desfilerako zenbakia jasotzera. Zenbaki horrek kalejiraren ordena adieraziko du eta jasotako zenbaki hori ibilbide osoan bistan eraman beharko dute. Desfilea amaitzean taldearen argazkia egin beharko dute Untzagako harmailetan (euria egingo balu, argazkia karpan, eszenatokian egingo litzateke).
Epaimahaiak hainbat irizpideri jarraituko dio balorazioa egiteko orduan: besteak beste koko-jantziak taldekideek eginak izatea baloratuko da, baita instrumentu, tresna edota tramankuluek aukeratutako gaiarekin erlazio zuzena izatea ere. Aukeratutako gaiarekin zerikusi zuzena duten dantza, abesti, koreografia, musika zein bestelakoak kalejiraren ibilbidean zehar egitea ere baloratuko dute.
Lehiaketaren inguruan edozein zalantza izanez gero, Portalean, Kultura sailean galdetu daiteke edo, bestela, 943 708 435 telefonora deitu edo kultura@eibar.eus helbidera idatzi. Lehen saria irabazten dutenek Eibarko XLI. Antzerki Jardunaldietako antzezlan baterako sarrerak jasoko dituzte (antzezlana Eibarko Udaleko kultura sailak aukeratuko du). Epaimahaikideen erabakia egunean bertan, otsailaren 10ean, 19:00etan jakinaraziko da, Untzagako karpan egingo den haurrentzako berbenan. Sari bakarra banatuko dute eta irabazleek eszenatokian jasoko dute saria.

IMG_4885

500 euro eta garaikurra taberna dotoreenarentzat
Aratosteetan ondoen apaindutako tabernan lehiaketan, bestalde, Aratosteetarako lokala apaintzen duen Eibarko edozein tabernak har dezake parte. Izen-ematea internet bidez, www.eibar.eus helbidean, PEGORAn, 
Herritarren Zerbitzurako Bulegoan edo telefonoz, 010 edo 943708400 zenbakietara deituta egin daiteke. Izena emateko orduan eskaera egiten duenaren datuak, tabernaren izena eta dekoraziorako gaia adierazi beharko dira. 
Lokalak otsailaren 9an, arratsaldeko 18:00etarako prest egon beharko dira, epaimahaikideak arratsaldean zehar pasatuko direlako tabernatik. Epaia barixaku gauean bertan emango dute, jendeak irabazi duen taberna asteburuan ikusteko aukera izan dezan. Irabazleari 500 euro eta Eibarko Udalaren garaikurra emango dizkiote.