Bihar zabalduko dute errenta zergen kanpaina eta ekainaren 26ra arte iraungo du

Bihar zabalduko dute errenta zergen kanpaina eta ekainaren 26ra arte iraungo du
2017/04/05 05:48
eta kitto!
Martxoaren 31n hasi bazen ere autolikidazio proposamenen bidalketa, apirilaren 6tik ekainaren 26ra bitartean onartu ahalko dira. Gipuzkoako Aldundiak 250.359 autolikidazio proposamen bidaliko ditu, eta horietatik itzultzera izango dira 173.073, eta ordaintzera 77.286. Autolikidazioa telefonoz (902 10 00 40) edo ogasunaren web orrian (www.gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta) onar daiteke. Errenta aitorpen mekanizaturako hitzorduak ere telefono eta helbide horietan eskatu ahal izango dira apirilaren 11tik (datorren asteko martitzenetik) aurrera. Guztira 376.000 aitorpen egitea espero dira, gehienak autolikidzio bidez (221.000). Batez beste, 1.030 euro itzuliko dizkio ogasunak aitorpena itzultzera daukan zergapeko bakoitzari: aldiz, 1.906 euro ordaindu beharko du pagatzera daukan zergapeko bakoitzak.
PFEZren kanpainak hiru aldaketa nagusi ditu araudiari dagokionez. Batetik, kenkariak hobetu dira enpresako akzioak erosten edo saltzen dituzten langileentzat, hain zuzen ere, langileen partaidetza sustatzeko foru arauaren onarpenaren ondorioz. Bestetik, lehengo aldiz, salbuetsita geratuko dira minbizia edo beste gaixotasun larri batzuk dituztenen zaintzari lotutako diru laguntzak, baita eskola kirolari lotutako zenbait jarduera ere. Azkenik, zoru klausulei dagokionez, itzulitako kantitateak ez dira zerga oinarrira gehituko, baina aurreko ekitaldietan erabilitako kenkariak berrikusi beharko dira.