Bihotzez zaintzen dutenak omentzeko erakusketa

Arrate Kultur Elkartearen Topalekuak ‘Zaintzaren taupadak’ izeneko erakusketa dihardu jasotzen hilaren 2az geroztik eta 22ra arte egongo da zabalik. Bertan, askotan (edo gehienetan) itzalean edo ezkutuan geratzen direnen bizitzak jarriko dira argitara, hau da, zaintza lanez arduratzen diren emakume migratuena. Zaintzaileek bezala, erakusketa antolatzeaz arduratu den Merlin Medina Acostak ere bihotza jarri du hura prestatzen eta hilaren 19an bisita gidatua eskainiko du
Bihotzez zaintzen dutenak omentzeko erakusketa
2026/03/13 10:38
Ekhi Belar Errasti

Bihotz more txikiz osatutako bihotz handi batek ematen die ongi etorria Topalekura gerturatzen direnei. Erakusleihoko bihotza osatzen duten bihotz txikiek emakume zaintzaileen arteko batasuna eta sare kolektiboa irudikatzen dute. Bihotz horretatik jaisten diren hari moreek harri bide bat zeharkatzen dute, zaintza-lanaren zailtasunez betetako bidea gogoraraziz; bide horren alboan zapata gorri pare bat eta hariz egindako sare more bat ikus daitezke, Andretxeak, elkarte feministek eta Eibarko Udaleko Berdintasun zerbitzuek ematen duten babes eta ahalduntze-sarea sinbolizatuz. Tartean hari gorri bat ikusi dezakegu, otsailean hil zen Yolanda Acostaren omenez, berak eta beste askok ereindakoak zaintza lanak egiten jarraitzen dutenen bihotzetan bizirik jarraitzen duelako.

Baina egin diezaiogun kasu Merlin Medina Acostari eta bere gomendioak jarraitu. Izan ere, erakustokian sartzerakoan lurrean dauden geziak jarraitzeko aholkua eman digu, bihotzaren funtzionamenduaren faseen arabera zaintzaren istorio kolektiboan ibilbidea egiteko. Erakusketan zehar bihotzaren faseak eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeen (eta gizon baten) argazkiak, historia eta esaldi edo mezu bat tartekatzen dira, objektu batzuekin, hasieran aipatutako bihotz morean amaituz.

Merlin Medina Acosta arduratu da erakusketaren antolakuntzaz.

Nodo sinusala da hasiera, jatorria: migratzeko erabakia, etxea uztea, sustraietatik askatzea eta bidaia horrekin hasten den bizi- eta lan-ibilbidea irudikatzen dituena. “Zaintza-harremana hastea ere bada. Bata zaintzaile bihurtzea eta bestea zaindua dena”, esan digu Merlinek.

Gero sistolea dator, odola bultzatzen duen fasea, eta erakusketa honetan entregaren unea izango litzateke. “Zaintzaileak beste pertsona baten ardura hartzen dute, euren eskuetan egoten da beste horren bizitza”, diosku antolatzaileak. Zaintzaileen eguneroko lana, ordu luzez beste pertsona baten erritmoari lotuta egotea, garbitzea, laguntzea, botikak ematea, sostengatzea, egotea, askotan inolako aitortzarik gabe... Hori ordezkatzen da hemen.

Bihotzak ere atsedenaldi laburrak behar ditu, eta horixe da diastolearen espazioa. Atseden txiki horiek, “ia beti eskasak”, zaintzaileei bizirauteko eta aurrera jarraitzeko aukera ematen dieten tarteak dira. Erakusketa aretoan zegoen besaulki gorri batekin irudikatu du hori Merlinek. ‘Momentu batez eseriko naiz... ahal badut’ dio kartel batek. “Erakusketa prestatzen nengoen bitartean, hainbat gauza jauzi zaizkit eskuetan edo aurkitu ditut bat-batean eta zerbaitengatik izan dela pentsatu dut. Horregatik erabili ditut”, diosku.

Taupada guztiak, ostera, ez dira erregularrak eta arritmiak eta krisiak izaten dira. Zaintzaileek bizi dituzten zailtasunak irudikatzen dira gune horretan: galerak, doluak eta larrialdiak.

Azkenik, erritmo sinusala ageri da, oreka irudikatzen duena: aitortza, egonkortasuna eta duintasuna lortzeko desira, “gaur egun oraindik helburu baino gehiago amets den arren”, Merlinen ustez.

“Baina, nola egin bihotzaren inguruko zerbait elektrokardiogramarik gabe?”, galdetu zion bere buruari Merlinek. Beraz, sendagilea den lehengusu bati deitu eta zaintzaren elektrokardiograma irudikatu du paretean, lau bihotzekin. Bihotz horiek zaintzaile baten lan-ibilbidearen etapa nagusiak sinbolizatzen dituzte, eta kolore ezberdinetako lerroek taupada bakoitzaren esanahia zabaltzen dute: lerro gorri ilunak, migrazioa; gorria biziak, lana bera; grisak, formakuntza; eta arrosak, aitortza.

 

Bisita gidatua 19an

Aipatutakoak erakusketaren zertzelada batzuk besterik ez dira, askoz ere mami gehiago baitu Merlinek prestatutakoak. Sortzeko orduan ere bihotzaren faseak pasatu zituen, bihotzak forma hartu eta bere kabuz arnasten hasi arren.

Esan bezala, erakusketa 22ra arte egongo da zabalik, baina erakusketaren inguruan gehiago sakondu nahi izanez gero, hilaren 19an bisita gidatua egingo du, 18:00etan. Gainera, mokadutxoa egongo da bertaratzen direnentzat.