Zaintza eta etxez etxeko langileak, berebizikoak eta ikusezinak
Eibarko Udalak zaintzari eta etxez etxeko lanei buruzko aholkularitza zerbitzua eskaintzen du eta Merlin Medina Acosta abokatua da horren arduraduna. Doako arreta eskaintzen dute Andretxean eta etxez etxeko langileen sarea ehundu dute urte hauetan zehar egindako lanarekin. Zaintzaren garrantzia hainbestetan azpimarratu den sasoi honetan, lan horietaz arduratzen diren langileei lan-baldintzak eta bizitza duina bermatzen laguntzen zaie bertatik.
Hilaren 30a Etxez Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da eta, askok ospatu ere ezin izango duten arren, sektorearen aldarrikapenak ikusarazten saiatuko dira. Ez da erraza, Merlin Medina Acostak esaten duen bezala, “ikusezinak direlako”. Etxeetan ‘interna’ lan egiten dutenek astean zehar egunean bi ordu besterik ez dituzte izaten kalera irten ahal izateko “eta ez eurek erabakitako orduetan gainera”, Medinak esan digunez. "Martxoaren 8an gertatu zen bezala, ez dute kalera irteteko aukerarik euren eskubideak aldarrikatzeko. Aurten, gainera, martxoaren 8ko gai nagusia zaintza izanda”, abokatuak azpimarratzen duenez.
Langile hauek berebiziko lana egiten dute, zaintzaz eta etxeko lanez arduratzen dira, baina gizarteak existituko ez balira bezala jokatzen du. Ikusezinak dira eta euren aldarriak beste ahots batzuen bitartez igorri behar izaten dituzte.
Medinak azaldu digunaren arabera, etxeko langile gehienek kontratupean egiten dute lan, baina horrek ez du esan nahi euren lan-eskubideak urratzen ez direnik, inolaz ere. “2023an, adibidez, 205 arreta zerbitzu eskaini genituen”, diosku abokatuak. “Eta kontratu gabe lan egiten dutenek, zer?”, galdetzen du abokatuak.
Zentzu horretan, gauza bat azpimarratu nahi du Medinak: “Langileak dira; ez dira etxetiarrak, animaliak bezala”. Izan ere, langile hauen baldintzak zenbatetan eta nola urratzen diren ikusita, badirudi gizarteak beste maila batean kokatzen dituela, egiten duten guztia kontuan hartu barik.
Aholkularitza eta orientazioa
Medinak eskubide ikasketak egin zituen eta genero berdintasunean masterra du. “Emakumeekin lan egitea maite dut”, aitortu digu. Horrela, emakumeen eskubideen aldeko borrokan gogor lan egin du hainbat urtetan zehar, eta bere kabuz hasi zen etxez etxeko langileei laguntza eta aholkularitza eskaintzen. Horrela, talde bat osatu zuen eta, bere lana eta herrian zegoen beharra ikusita, Udaleko Gizartekintza sailak zerbitzu hau eskaintzea erabaki zuen 2019an. Plaza lehiaketara atera eta Medinak lortu zuen postua, aurretik egindako lanari jarraipena eta beste dimentsio bat emanez.
Medinak aurrez aurreko zerbitzua ematen du Andretxean, 4. solairuan, eguaztenetan, 16:00etik 19:00era, eta beharrezkoa da aurretiko hitzordua egitea. Horretarako, 688 64 09 83 telefonora deitu edo WhatsApp mezua bidali, edo orientacionlaboraleibarren@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Zerbitzu horren bitartez zaintza eta etxez etxeko langileen lan-eskubideei buruzko orientazioa eta aholkularitza ematen da; prestakuntza-beharretan laguntzen da, “oso garrantzitsua da langileek formakuntza edukitzea, bestela, kontratatzen duten familiek ezin izango dituztelako dependentzia-laguntzak jaso”, abokatuak azaldu digunez; langileen beharren arabera, Gizartekintza saileko beste esparru batzuetara bideratzen zaie; bitartekaritza eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen da gizarteratzearen eta laneratzearen arloan; eta laguntza berezia eskaintzen zaie enplegagarritasun-maila txikiagoa eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiagoa duten pertsonei.
Udalak zaintza eta etxez etxeko lanei buruzko doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Andretxean
Zaintza eta etxez etxeko langile gehienek jatorri atzerritarra dute, “ia %100ean”, abokatuaren berbetan, eta Medinak atzerritartasun kontuekin laguntzen die, horrela behar izanez gero. Izan ere, oso egoera arraro eta kontraesankorrak gertatzen dira egoera irregularrak erregularizatzeko, prestakuntza jaso ahal izateko baimena lortzeko eta lan egin ahal izateko orduan.
Antzeko portzentajean, ia %100ean, langile gehienak emakumeak direla esan daiteke. “Badaude zaintza lanak egiten dituzten gizonezkoak ere, baina ia denak emakumezkoak dira”, argitu digu abokatuak.
Kontratatzaileen ardurak
Medinaren inplikazioa ez da zerbitzu horren bitartez eskainitakoan geratzen, haratago doa. “Azkenean, euren bizitzaz ari gara berbetan”, diosku bihotzez. “Izugarria da hau esan beharra ere, baina langile hauek pertsonak dira”. Batzuek, iritsi berriak direlako edo zenbait kontuk hemen nola funtzionatzen duten ezagutzeko aukera izan ez dutelako, ezjakintasuna dute hainbat gauzen inguruan eta abusu egoerak bizi dituzte: ez zaie behar dena ordaintzen, ez dira lan-baldintzak betetzen, edo dena delakoa.
Langileen eskubideak bermatzeaz gain, euren formakuntza bultzatu nahi dute
Horrelakoak gertatzen direnean, Medinaren eskuhartzea berebizikoa izaten da eta modu pertsonalean inplikatu behar izaten da. “Askotan, lanpostu-agentziek ez dute zintzo jokatzen eta, langileen ezjakintasuna eta beharra aprobetxatuz, langileek lan-baldintza kaskarreko kontratuak sinatzen dituzte”, abokatuaren berbetan. “Adibidez, 09:00etatik 16:00etara lan egiten dutela esaten duten kontratuak sinatzen dituzte, eta sei gau ematen dituztela etxean, baina ‘interna’ daudenak ia 24 orduz egoten dira etxean eta, azkenean, zortzi ordu horiek baino gehiago egiten dute lan, diru gehiago jaso barik edo trukean jaiegunik jaso gabe”, azaldu digu. “Ezer sinatu aurretik, hona etortzea izango litzateke egokiena”.
Medinak pentsatu nahi du enplegatzaile gehienek fede onez jokatzen dutela, baina eskaera bat egiten die zaintza eta etxez etxeko langileak kontratatzeko orduan kontuan hartzeko: “Langileen eskubideak errespetatzea eta, eskubide horiek zeintzuk diren ez badakite, hona etortzea, azalduko dizkiegulako”.
Langileen komunitatea
Aholkularitza eta orientazio-zerbitzua eskaintzeaz gain, oso garrantzitsuak dira zaintza eta etxez etxeko langileen elkartasuna sustatzeko egiten diren ekintzak. 130 lagun inguru dituen WhatsApp taldea dute eta bertan Medinak informazio lagungarria helarazten die, eurentzat interesgarriak izan daitezkeen ekintzen berri ematearekin batera. Horrez gain, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituzte elkarrekin gozatu, partekatu eta komunitatea sortzeko.
Iaz, adibidez, 14 jarduera egin zituzten taldean. Tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, eskulanak eta bestelako ekintzak egin zituzten, eta etxez etxeko langileen inguruko antzezlan bat ikustera joan ziren Coliseora. “Antzerkira zihoan lehen aldia zela esan zidan batek, pentsa”, esan digu hunkituta Medinak. Bertan, aktoreek euren lana goraipatu zuten eta zutik jarriarazi zituzten publikoaren esker ona jasotzeko. Horrela, momentu batez behintzat ikusgai izan ziren.