Bilduk aurrekontuarekin kaltetuta izango diren herritarrak daudela uste du
Gaur eguerdian Bilduko ordezkariek asteleheneko plenoan onartu zen aurrekontuaren inguruko balorazioa egin du. Udal gobernuak "EAJ eta PP-ren laguntzarekin" onartutako aurrekontua zeinengan eragingo duen azaltzeaz gain, "PSE-PP eta EAJren jarrera salatu" dute, "eurek diotenez aurrekontua ardura handiarekin onartu omen duten arren, guretzat argi dagoelako atzean kaltetu batzuk laga dituela".
Lau multzotan banatu dituzte Bildukoek onartu berri den aurrekontuak kaltetuko dituenak. Hasteko udal beharginak aipatu dituzte: "Aurrekontu honen onarpenarekin udal gobernuak, EAJ eta PP-ren laguntzarekin, Madrildik etorritako neurriak herriko langileengan ezarri dituzte, hau da, soldaten izoztea, lanpostuen amortizazioa, Elkarkidetzara egiten den aportazioa kentzea, etab. Guk publikotasunaren alde borrokan jarraituko dugu eta bide horretan, udal langileen lan baldintzak duinak izan behar direla uste dugulako".
Horiekin batera Eibarko elkarteak aipatu dituzte: "Elkarteen atalari dagokionez kirol, kultura eta euskara arroleko elkarte guztiei %10eko jatsiera aplikatuko zaie. Adibide moduan esan, Sagardo Eguna, Euskal Jaia, pintxo lehiaketa, garagardo feria, jardunaldi mikologikoak, txosna gunea herriko festetan, Arrateko bertso afaria, etab. luze bat elkarte hauek antolatzen dituztela, bolondresen lanarekin kasu askotan, eta udalak traba administratibo eta organizatiboak jartzeaz gain, orain ekonomikoki ito nahi izatea oso kezkagarria izango litzateke. Imajinatzen duzue Eibar lehen aipatutako ekimen guzti horiek gabe?".
Gutxien duten herritarren kasuan, berriz, zerbitzu sozialei lotutatako partida gehienak murriztu izana salatu dute: "Bakarrik bizi diren pertsonei suteen kontrako sistema bat jartzeko gure proposamenari uko egin diote. Azkenik aipatu etorkinen eta berdintasun planak aurrera ateratzeko ere baliabide gabe laga dituztela udal langileak, arlo hauetan dagoen sentsibilizazio lanari uko eginez".
Eta parte-hartzeari dagokionez, partida kendu izana salatu dute: "Udal gobernuak parte-hartzea doan egiten omen du. Arcadio Benitez jaunari argi eta garbi esan behar zaio parte hartzea ez dela bilera batera joan eta partaideek zer esaten duten apuntatzea. Parte hartzea taldeak dinamizatzea, eztabaida guneak irekitzea, eztabaida gaiak aukeratu eta denon artean ondorio batzuetara iristea baizik eta honek lana eta jakintza behar du eta horrenbestez kostu bat dauka. Politika egiteko beste era bat ere badagoela esaten jarraitu behar dugu". Hain zuzen ere, eta azken puntuari lotuta, gaur bertan argitaratu dute Gipuzkoako aldizkari ofizialean parte-hartzeari lotutako diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu dela, %75eko finantziazioarekin, eta Bilduko zinegotziek alkateari horien inguruko eskaera egiteko gutuna idatziko diotela aurreratu dute.