Bilduk baserritarrekin hitzarmenak bultzatzea eskatu dio udalari
Gaur eguerdian emandako prentsaurrekoan, Eibarko Bilduk udalari baserritarrekin hitzarmenak bultzatzea eskatzen diola eman dute aditzera, hartara "landa-lurrak alokatu eta bertako landareria babesteko". Agerraldian esandakoari jarraituta, "Eibarrek oso lur publiko gutxi dauka. Horregatik, gure proposamena hitzarmen bitartez landa-lurrak alokatu eta lur horietan bertako landaretza bultzatzea izango litzateke". Hau lortu ondoren, eskola ume zein nagusiekin Zuhaitz Eguna berreskuratzea ere proposatzen dute.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, "Bilduko ingurumen eta landa garapenerako lantaldean diharduen Itziar Sapsootham geografian lizentziatuak egindako azterketa baten ondorioz, argi eta garbi esan daiteke Eibarrek oso lur publiko gutxi duela. Azterketa Eibarko katastro partzelariotik hartutako datuekin egin da eta ondorio bezala azpimarratu daiteke lur publiko horren zatirik haundiena Arrate eta Arrajola inguruan biltzen dela. Gure udal taldetik aurrekontuen eztabaidaren harira, udal gobernuari lur pribatuak erosi edo alokatzeko diru-partida ezartzea proposatu genion, baina gure ideia ez zen kontuan hartu".
Jakitera eman dutenez, "Udalak herriko baserritar batekin hitzarmena sinatuta dauka, bertako landareria babesteko asmoz, alokairu baten truke. Horrela, udala ez litzateke lurraren jabe izango, baina ingurumenarekin bat datorren kudeaketa egiteko aukera izango luke, bertako abeltzainekin batera". Euren proposamenaren onurak ere azpimarratu dituzte: "Batetik, udalak lur gehiago kudeatuko lituzke eta, bestalde, baserritarrek onura ekonomikoa izango lukete. Gainera, herritarrei ingurumen-heziketa lantzeko esparrua eskainiko liekete".