Bilduk Errebalen inguruko eztabaida parte-hartzailea zabaltzea eskatu dio alkateari
Gaur (abenduak 12, martitzena) Eibarko Bilduk eskainitako prentsaurrekoan, Miguel de los Toyos alkateari Errebalgo erabileraren inguruko eztabaida abiarazteko eskaera egin diotela azaldu dute. Datorren asteko martitzenean, abenduaren 20an egingo den ezohiko plenoan eztabaidatzekoak diren gaien artean, besteak beste, udal gobernuak Errebalen parking-a eraikitzeko proiektua onartzeko asmoa duela aurreratu dute Bilduko ordezkariek: “Udaleko ogasun batzordeak PSE, PP eta PNV-ren bozkekin onartutako proposamenetik ideia bi azpimarratu nahi ditugu: alde batetik, Errebalen parking publikoa kendu eta parking pribatua jarri nahi dutela (Txomon dagoenaren modukoa) eta, bestetik, beti ere parking-aren erainkuntza merkatal gune bati soilik lotuta agertzen dela”.
Jarrera horrekin ados ez daudela argi lagatzearekin batera, “bidea alderantziz egiten dihardutela” pentsatzen dutela gaineratu dute agerraldian: “Bilduren ustez, eman beharreko lehenengo pausoa erabileren inguruko parte-hartze prozesua zabaltzea izango litzateke, Errebal zertarako eta zelan erabili herritarrek adostu dezaten. Erabilerak zehaztu eta onartu ondoren, berriz, horiek garatzeko ideia-lehiaketa deitzea proposatzen dugu. Bestalde, gure ustez Errebalen merkataritza gunea eraikitzea ez da behealdea berpizteko egitasmo egokia eta, beraz, horren ordez Errebalen erabilerak kultura eta aisialdiari lotuta egotea proposatzen dugu”.
Alkateari zabaltzeko proposatutako prozesu parte-hartzaileak, gainera, Foru Aldundiaren diru-laguntza jasotzeko aukera izango lukela azaldu dute. Agerraldia amaitu aurretik, Joseba Salbide arkitektu eibartarrak karrera amaierarako proiektuan landutako Errebalerako proposamena bere blog-ean ikusteko moduan dagoela azaldu dute.