Bilduk Errebalerako gestio publikoa planteatzen du, promotoreen atzera-martxaren aurrean
Gaur eguerdian prentsaurrekoa eman dute Eibarko Bilduko ordezkariek, Errebalgo proiekturako euren proposamena zein dan ezagutzera emateko asmoz. Euren berbetan, "orube honetarako gestio publikoaren aukera aztertzea proposatzen dugu, hau da, bidegarritasun plan bat non zorupean aparkalekuak sortzeko aukera egongo den (solairu bi saltzeko eta beste bat txandakatze sistemari jarraituta erabiltzeko). Parkingetik atera daitekeen errentagarritasuna aztertzen den bitartean prozesu parte-hartzaile bati ekingo genioke, orubearen erabilera adosteko. Erabilpen horien gauzapena zorupearen kudeaketari esker bidegarria izan liteke".
Bilduren ikuspuntutik, erabilpenen artean azoka edo merkatu berria eta parke estalia eraiki beharko lirateke, "uste baitugu gure herrian eskakizun handia dutela biek eta Errebalgo orubea horietarako toki ezin aproposagoa izan daitekeela".
Agerraldian esan dutenez, "2006az geroztik, hau da, Arriola jaunak publikoa zen orubea pribatizatu zuenetik eta Eibar Boulevardek 10.000 m2-ko merkataritza-gunea eraiki nahi izan zuenetik baldintza ekonomikoak asko aldatu direla errepikatu dugu behin eta berriz".
Azken hileotan Errebalgo proiektuarekin interesa agertu duten pare bat enpresa bazegoela azaldu dute udal gobernuko kideek behin baino gehiagotan, baina badirudi interes horretan aldaketak izan direla, Bildutik esandakoaren arabera: "Alkate jaunaren azken adierazpenek agerian laga dute denok ezagutzen dugun arazoa. Hau da, uneren batean interesa izan zuten enpresa promotoreek ez dute gaur egun ez ikuspuntu bera ez eta makro merkataritza-gune baten errentagarritasunerako baldintzarik ikusten ere, jakin badakite eta beste toki batzuetan eraikitako merkataritza-gune asko krisialdi larrian daudela, nahiz eta Toyos jaunak 99 urteko lagapen proposamenarekin ezkutuko salmenta eskaintzen diharduen".
Alkateak azken plenoan Bilduri emandako erantzunak kezkatzen ditu bereziki: "Plenoan emandako erantzunean argi geratu zen gai hori berriz planteatzeko ez zuela inolako biderik emango. Gainera, eta ustekabean 'Tractor' proiektuaren aldeko jarrera eman zuen ezagutzera, onartutako 10.000 m2-ko azalera berriko merkataritza-gunearen aldekoa, alegia. Eta, gainera, sutsuki defendatu zuen erritmoa merkatuek eurek ezarriko dutela eta, beraz, ez duela baldintza-pliegorik aterako enpresa promotoraren baten onespena jaso artean".
Gure ustez "ezin gara beste 10 urtez enpresa espekulatzaileen zain, ezer egin gabe geratu. Gainera, kontuan izan Eibarko plazako merkatari guztiei eragindako kalteaz gain, Udaleko udal-kutxatik hilero ordaintzen direla 4.372,80 euro Rialto alokatzeagatik".