Udala lanean da UNICEFen “Haurren Laguna den Hiria” aitortza lortzeko
Eibarko Udalak jakinarazi duenez, udala lanean ari da UNICEFen ‘Haurren Laguna den Hiria’ aitorpena lortzeko. Ekintza hau “haurren eskubideak eta udal-bizitzan haien parte-hartze aktiboa sustatzeko konpromisoaren erakusle da”, udalaren esanetan.
Udalak gogorarazi duenez, iazko ikasturtean hainbat ekimen jarri zituen martxan: diagnostiko sozial bat egin zuen Eibarko haur eta nerabeen errealitatea ezagutzeko; sailarteko mahai bat sortu zuen udal-arlo desberdinen lana koordinatzeko; eta Haurren Plan berria idatzi zuen.
Horrez gain, Haurren Kontseilua eratu zen, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasle ordezkariek osatua. Haurrek osaturiko Kontseiluak lau saio egin zituen 2024-2025 ikasturtean, eta umeek euren iritziak eta proposamenak zuzenean helarazi zizkieten Jon Iraola alkateari eta Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziari. Haurren parte-hartzea oso positibotzat jo da: ikasleek azpimarratu zuten beste jatorri eta hizkuntza batzuetako haurrekin harremanak izatearen garrantzia, eta ikastetxeek balioan jarri zuten umeen ahotsa udal-erabakietan txertatzeko aukera.
Aurtengo ikasturtean, 2025-2026an, prozesuak jarraipena izango du. Urriaren 25ean egingo da Haurren Kontseiluaren lehen osoko bilkura, eta udalak Haurren Planeko ekintzak garatzen jarraituko du, oraingoan familien parte-hartzea areagotzeko asmoz.
Ikasturte honetan, Haurren Kontseiluak bizikidetzaren eta kulturartekotasunaren gaineko lanari emango dio lehentasuna, “hiri abegikor, anitz eta parte-hartzaileago baten alde”.