Bilduk Udal Aurrekontu zirriborroaren osoko emendakina eta hiru emendakin partzial aurkeztu ditu

Bilduk Udal Aurrekontu zirriborroaren osoko emendakina eta hiru emendakin partzial aurkeztu ditu
2019/12/18 12:37
eta kitto!
EH Bildu alderdiak PSEk aurkeztutako 2020ko Udal Aurrekontuen osoko emendakina eta 6.628.818,30 euroko balioa duten hiru emendakin partzial aurkeztu ditu. 2020 aurrekontu zirriborroa “beste urteetako aurrekontuen berdina da”, Bilduren ustez. “Urteetan plangintzak, txostenak eta proiektuak adostu eta egin ondoren, proiektu horiek gauzatzeko ordua heldu da. Berba politak esaten dituzte egitear diren proiektuen aurrean, baina apal batean gordeta geratzen dira”. Euren berbetan Udal Hauteskunde kanpainan egindako promesek ez dute islarik eta ez dago berrikuntza aipagarririk. Bestetik, Bilduk aurkeztutako hiru emendakin partzialek honako proiektuak bultzatu nahi dituzte: Bittor Sarasketako epaitegi zaharra ekialderako Auzo Etxean bilakatzea, Torrekuako osasun zentro zaharra Pertsona Nagusi Autonomoentzako Parkea bilakatzea eta Barrenaren birgaitzea. “Gaur jaso dugu PSEren deia emendakin partzialei buruz berba egiteko”.

 

Bi abiadurako Eibar

Bilduk galdera bat bota du gaur goizean egindako prentsaurrekoan. “Zer da Eibarrentzat eskainiko dutena? Ez dakigu, eta Udal Gobernuaren Agintaldi Plana eskuetan eduki ezean, ezin diogu jarraipenik egin”. Gainera, ordezkaritza eta propaganda gastuek neurrigabeak izaten jarraitzen dutela salatu dute. “PSEk badaki komunikabideak makinaria eraginkorrak direla eta kudeaketa akatsak erraz tapatzeko balio dutela”.

Zirriborroak “bi abiadurako Eibar” batean sakontzen jarraitzen duela dio Bilduk. “Ordua da ekialdeko birgaitzearekin hasteko”. Hiriaren bilakaerarekin arduratuta daudela diote eta PSEk hiriaren eredua esku pribatuetan utzi duela salatu dute. “2020an 10 etxebizitza promozio berri hastea ontzat eman dute eta astakeria hutsa da. Langabezia-tasa handia da eta egonkortzen doa, biztanleria behera doa, pobrezia-mailak gora... eta ontzat eman dute 500 etxebizitza berri egitea? 1.200 etxebizitza huts daude eta hauekin premiazko lanketa propio bat egin behar dela uste dugu. Are gehiago, Eibarrek bizi duen alokairu pribatuaren boomaren aurrean”. Zentzu horretan, Hirigintza Plan Nagusia eta Plan Estrategikoa lerratu egin beharko lirateke euren ustez, “eta bata eta bestearen neurriak kontrajarriak dira”.

 

Etorkizun-sena

Bilduren ustez Udal Aurrekontuek etorkizun-sena eduki behar dute eta PSErenak “berehalakotasunean oinarrituta daude, lau urtetik lau urtera hauteskundeak irabaztea dute helburu bakarrik”. Epe luzeko hiri-ikuspegi integrala botatzen du faltan Bilduk, Eibar berriz ere erreferente izateko. “Eibar zentifrikatzen ari da, auzoak hiltzen daude eta berehalakotasun politika horiek ez dute arazo hau konponduko”.

Errebalen egiten diharduten obra amaitu ondoren, “hurrengo inbertsio handia” zein izango den adostu beharko litzateke Bilduren ustez. “Apustu handiak behar ditu Eibarrek, alderdion arteko hiri akordioak”. Bestetik, Garapen Ekonomikoaren inguruan lan egiten duen Udal sailaren egoera larria dela salatu dute. “Ia 3,5 milioi euro kudeatuko ditu pertsona bakarra lanean duen departamentu honek. Ordua da ganorazko profesionalez hornitutako udal plantilla osatzea sail honetarako”. Izan ere, gauzak horrela, “sail honetako aurrekontuaren zati handiena ere esku pribatuetan uzten, azpikontratatzen jarraituko du PSEk”. Zentzu horretan, Udalaren azpikontratazio maila altua dela salatu dute eta, eraikin publikoen garbiketa publiko egin ondoren, etxez etxeko laguntza zerbitzua publiko egin behar dela diote.

 

PSEren adiskidekeria

Bildu oso kritiko azaldu da Kreditu Globalaren partidari ematen zaio erabilerarekin. “Emendakinak negoziatzeko aitzakiarekin sortutako partida da, baina partida honek eman ditzakeen aukerez ohartu ziren eta alkateak nahi bezala erabiltzen du”. Orain dela urte batzuk partidaren kopurua 60.000 eurokoa zen eta gero 600.000 eurora igo ondoren, 700.000 eurora igotzea proposatzen da aurrekontu zirriborroan. “Horren atzean PSEren adiskidekeria ohiturak daude”.

Aurrekontu zirriborroari egindako kritikekin amaitzeko, bi dinamizatzaileren kontratazioaren beharra ikusten du Bilduk. Batetik, “aurrekontu partehartzaileen desastrea konpontzeko”, prozesu parte-hartzaileak dinamizatuko dituen pertsona baten beharra ikusten dute. Eta bestetik, Errebal Plazia eraikin berria bere osotasunean dinamizatzeko beste pertsona bat.

 

Hiru emendakin partzial

Bilduren ustez PSE behar askorik gabe eseriko da Udal Aurrekontuak negoziatzeko. “Oso lotuta dute guztia eta PNV izango dute hor aurrekontuen onarpena errazteko. PSE-PNV itunak gainontzeko alderdiok aurrekontuan eragin dezakeguna okertzen du”. Beraz, EH Bilduren abstentzioa nahi badu, PSEk jauzi kualitatiboa eman behar dutela diote.

Bilduk 26 aurrezki proposamen, 2 sarrera proposamen eta zorpetzea handitzea proposatu dio PSEri. Era berean, 3 emendakin partzial aurkeztu ditu:

  1. Bittor Sarasketako epaitegi zaharra ekialderako Auzo Etxean bilakatzea: 2.494.818,30€


Proiektua egitea adostu genuen 2016an, 2018an proiektua aurkeztu ziguten eta pozik geunden. Premiazkoa da gauzatzea. Mesede handia egingo lioke Eibar ekialdeari Auzo Etxe bat izateak, elkartrukerako gune soziokultural bat, eraikina gehiago usteldu baino lehen”.

  1. Torrekuako osasun zentro zaharra Pertsona Nagusi Autonomoentzako Parkean bilakatzea: 1.134.000€


Gizarte Zerbitzuen Maparen arabera hau da Eibarrek eta Debabarrenak duten plaza defizit handiena. PSE etxe sakabanatuen bila ibili da, baina hori ez da bidea. Tutoretzapeko etxebizitzak parke berdinean egon beharko lirateke eta EH Bildurentzat Torrekua da kokapen egokiena, Eibarko gune soziosanitarioaren barruan: Ospitalea, Eguneko Zentroa eta Egoitzen ondoan. Gainera Amañako auzoari zerbitzua emango ahal dion belaunaldiarteko ludoteka ere bertan kokatzea planteatzen dugu”.

  1. Barrenaren birgaitzea: 3.000.000€


Aurrekontu sinbolikoa jarri diogu emendakin honi. PSE, trenaren estaldura egiteko 9 milioi euro ordaintzeko prest badago, zelan esango dio ezetz Barrena birgaitzeko 3 milioi euro bideratzeari? Emendakin honen barruan hainbat ekintza txertatu ditugu: Gabilondo enpresa erostea eta botatzea aztertzea; Estaziño-Azitain hiri barruko bidegorri-pasealekuaren proiektua idatzi eta gauzatzea; Gabilondoko lurzoruan disuasioko aparkaleku kokatzeko proiektua egin eta gauzatzea; LIDL supermerkatuaren jabetzarekin hitzarmena sinatzea bizilagunek bertan dauden aparkalekuak erabiltzeko; eta auzoko komertzio txikia biziberritzeko laguntzak martxan jartzea”.