“Birakari agur esatean, eskerrak eman nahi dizkiot Eibarri jaso dudanagatik”
Josu Mujika elgoibartarrak bi hamarkadatik gora eman ditu Eibarren dantza irakasten. Penarekin agurtuko du ibilbide hori, bere asmoa Birakak bera barik ere jarraitzea zelako; baina, ahaleginduta ere, ez du asmo hori lortu eta agur esateko ordua iritsi zaio. Eskaini digun elkarrizketan argi erakutsi digu inolako protagonismorik ez duela nahi, eta behin eta berriro aipatu digu pozik doala egindakoarekin.
Hasteko ere ez zuen bide errazik aurkitu Mujikak. Hemen aukerarik apenas eta Belgikara jo behar izan zuen, han Maurice Béjarten Mudra eskolan ikasteko. Bertako konpainia batekin Italiara joan zen gero, han ere urte batzuk egiteko. Saririk jasotakoa ere bada bertan, orain dela urte batzuk Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidentea izan aurretik.
Biraka dantza-eskolaren agurra iragarri diguzu. Zer dela-eta?
Batetik, adina dago, erretiroa hartzea ere tokatzen zaidalako. Bestetik, ez daukat jarraitzailerik; proposatu izan diet ikasle batzuei, gai zirela eta aurrera eramango zutela espero nuelako, baina azken unean beldurtu eta atzera egin dute. Pena handia ematen dit, asko jaso dudalako Eibartik. Baina, nahiz eta forman egon, adina igartzen da. Sasoi batean 4-5 eskola izan nituen Deba bailaran, atzera begira ez dakit zelan egiten nuen, baina bete egiten ninduen. Niretzat ez delako lana izan, pasioa baizik. Ikasle batzuk akabatu egingo naute, baina erabakiak hartu behar dira.
Zeozer bereziarekin agurtzeko asmoa duzu?
Ikasturte amaierako jaialdi batekin izango da; hor laburpen antzekoa eskaintzeko gogoa dut, proiekzio baten bueltan. Ez dudalako protagonista izatea nahi; lana egingo dut, baina protagonistak ikasleak dira. Ez naiz agurtzera ere irteten. Gogoratu nahiko nituzke egin ditugun hainbat gauza, minutu batzuetakoak, guztia ezin delako sartu. Coliseoko jaialdian izango da.
Zenbat urtetako ibilbidea izan da?
2000.ean hasi nintzen Deban, gero Mendaron eman zidaten aukera, Elgoibarren ere hasi nintzen... Baina beti gustatu izan zait herri desberdinetako jendea nahastea, mestizajearen oso aldekoa naiz: ibilbide hori emankorra izan delakoan nago, euren artean pike sanoa piztu eta, modu ezinhobean, adiskide bihurtu direlako azkenean. Eibarren 2002an hasi ginen, Institutuan: urte eta erdiko kontua izan zen, beheko gimnasioan, oso ikasle gutxi baina finekin... Bada oraindik jarraitzen duenik! Eta izan dira karrera amaituta, edota umea eduki ondoren, bueltatu direnak.
Zeintzuk izan dira unerik aipagarrienak?
Musikalak. Bergaran egin zuten Olentzero & Company gogoan dut. Gero Eibarren eskaini genuena, eta Bilbon, Iruñean eta Donostian aurkeztu genuena. Formatu ezberdinekoa zen: musika zuzenean, oso abeslari onekin, bandako profesionalak ia denak. Bikaina izan zen baita Untzagan eskaini genuena ere, “Poxpolo” Kultura teknikariak bultzatuta zuzendu nuena, ederra benetan. Bertako dantzariak Vodafoneko iragarki bat ere egin zuten. Eta ez dut ahaztu behar Eibar, Elgoibar eta Debako dantzariak nahastuz egin genuen zinema musikala, exigentea izan zena aldi berean; bertan parte hartu zutenak askotan gogoratzen didate eurentzat Birakaren onena izan zela zinema abentura hori.
“Bada umetan etorri eta, ikastera joan eta ama izan ondoren, berriro gurera bueltatu denik”
Zenbat dantzari pasatu dira bertatik?
Jakinda urte batzuetan 300 lagunetik gora izan ditugula... 1.500, 2.000 inguru... batek daki.
Zein adinetik hasita? Zenbat urtera arte? Zenbat urte eman dute zurekin?
4 urterekin komeni da hastea. 3 urtekoekin ere hasi ginen, baina adin horretan oso dependiente dira oraindik. 4 urterekin, ordea, jaialdia zer den ez dakiten arren, behin eginda berehala ulertzen dute. Gehiago oraindik, droga antzekoa bihurtzen zaie lehenengo esperientziatik. Goitik jotzen badugu, 60koak ere izan ditugu. Bada nirekin 40 urte egin eta jarraitzen duenik, ezkondu eta gero bueltatu direnak.
Emakumeak izango dira nagusi, ezta? Hor badago eboluziorik?
Ez, ez dago aldaketarik. Zortzi-bederatzi mutil izango genituen, oso onak gainera. Euskal dantzetan gehiago izaten dira, baina badago atzera botatzen dien zeozer hor.
Eibarkotik aparte, nongoekin egin duzu lan Birakan?
Bergaratik eta Ermutik etorri izan dira, baita Elorriotik eta Soraluzetik ere. Gehienak, dena dela, eibartarrak izan dira.
Zelako dantzak eskaini dituzue?
Metodo aldetik, teknika lantzen dugu, horrek ematen duelako gorputza hobeto erabiltzeko aukera. Teknika klasikoa irakatsi dugu, jazza ere bai, ez oso modu akademikoan, baina hiztegia ezagutuz, denetarik dantzatzen, klasikoan ere bai, baina nahastuta beti.
“Musikalaren aldekoa naiz, dantzatzeaz aparte aktuatu ere egin behar delako"
Zein ikuskizun mota dituzu gustokoen?
Musikala gustatzen zait, batez ere. Dantzatzeaz aparte, hor aktuatu ere egin behar duzulako, abestu, modu batean historia bat kontatu. Dantzaz konpainiarekin ere jardun izan dut, beti ere bizipenak eta sentimenduak adieraziz. Jendearentzat ere erakargarriagoa da musikala.
Zer ahalegindu zara eskaintzen urteotako ikuskizunetan?
Dibertsioa gustatzen zait, jendeak ondo pasatzea, baina baita maila erakustea ere. Urtetik urtera erakustea gure mugimenduetan hobetu dugula, mailan gora egin dugula. Ia urtero esaten didate: Amaitu da? Jendea gehiago ikusteko gogoaz geratzen delako. Gainera, hasierako urteetan dantza baten ondoren agurtzen bagenuen, azken urteotan dena jarraian eskaintzen dugu, emanaldi bakarra balitz bezala. Azkenean agurtu eta nahiko.
Zein eszenategiren alde egiten duzu? Nahiago kalean edo antzoki batean?
Antzokiak aukera teknikoak eskaintzen ditu: argia, soinua... Eta horretan Coliseoa txapelduna da, ekipamendu ona izateaz gain, material zein pertsonal arloetan profesionalak direlako, plazerra da horra joatea. Kaleak, bestalde, badu bere xarma, antzokira joateko ohiturarik ez duena bertan izan ahal delako. Formatu ezberdina da, jakina, baina guztatzen zait jaleoa muntatzea, pijamak jantzi eta halakoekin. Gogoratzen dut oso ondo irten zen Aleluia bat, hiru herritako jendearekin osatu genuen lana.
Kurtso-amaierako aktuazioei zelako garrantzia eman izan diezu?
Asko, gurasoen aurrean agertzen duzulako zure lanaren emaitza. Ikasleentzat eurentzat ere ikasteko modua da, diziplina zelan agertu behar duten. Konturatzen zara eszenategian egoten zelan ikasi duten: gortinak ikutu barik dihardute, badakite ilunetan ere noiz sartu behar diren...
Zer lortu nahi izan duzu? Zer eman dizute ikasleek?
Jendea formatu nahi nuen, nahiz eta ez profesionalki jarraitzeko. Ikusten duzu 6-7 urteko umeak zelan eboluzionatu duen, gaur egun zelan egin dezakedan lan berarekin. Helduekin, bestalde, ikusten duzu orain zein azkar eta erraz egiten duzun lan, elkar ulertzen dugulako ia hitzik gabe, dantza erakargarriak egiteko orduan. Zer eman didaten? Energia asko, batez ere txikiek. Erakustea lana da, baina motibazioak dena errazten du: nirekin ikasi behar dute, dibertitzea nire habilidadea izan behar da eta, aldi berean, seriotasuna ere nahi dut. Ederra da hori.
“Erakustea lana da, baina motibazioak dena errazten du; emaitza ederra da eta merezi du"
Arlo pertsonalera pasatuz, koreografo, dantzari, dantza-irakasle eta aktore. Non erosoago?
Bizitzaren garaiaren arabera. Dantzak asko eman dit, koreografiak muntatzen oso eroso ibili naiz. Aktore izatearena pixka bat lagata dut azken aldian. Denetan jardun dut gustora.
Belgikan eta Italian ikasitakoa zara. Beharrezkoa zen kanpora joatea dantzarekin aurrera egiteko?
Hemen ez zegoen ezer. Ballet Nacional de España sortu zuen Victor Ullaterekin Belgikan egon nintzenean, hemen zeozer ganorazkoa antolatzea zein zaila zen aitortu zidan. Politikariek ez zuten horrelako bisiorik. Abentura hutsa zen! Orain Gasteizen bertan dago Gradu Ertaineko Kontserbatorioa.
Dantzan zer aldatu da hasi zinenetik?
Teknifikazio handiagoa dago. Errenteriako Dantzaz konpainian bertan kanpotik etorritako maila handiko jendea dago, txikitatik kontserbatorioan sartutakoak, araututako formakuntza jaso dutenak. Igual indarra falta zaie, ez dakit, pasioa behar duzulako.
Zer iritzi duzu beste arlo artistikoekin izan dezakeen mestizajeaz?
Oso gustoko dut. Pintura izan, zinea, proiekzioak atzealdean... Dantza espresio mota bat da eta, horregatik, beste edozein motarekin nahasteko prest izango nauzu beti. Hori bai, kopiatzea ez zait gustatzen, berritzearen alde joko nuke.
Hemendik aurrera, zer?
Lasaitasun pixka bat, espero! Gauza asko egin ditut, gustora gainera, baina badira ez ditudanak egin ere. Pintura gustatzen zait, antzerkia ere bai… Bakarkako emanaldi bat egitea gustatuko litzaidake, ez dakit indarrik izango dudan.
Baduzu zeozer jendeari esateko?
Eskerrak eman nahi nizkieke, zurikeriarik gabe. Eibarrera etortzeak asko eman dit. Udalaren jarrera ezinhobea izan da, Coliseoa luxua. Fenomeno gaude hemen, bihotzez.