"Bitartean, etxetik ikasten" programa hasiko da  EiTBn ikasleei hezkuntza-prozesuan laguntzeko

"Bitartean, etxetik ikasten" programa hasiko da  EiTBn ikasleei hezkuntza-prozesuan laguntzeko
2020/03/26 17:48
eta kitto!
 

Hezkuntza Saila eta EiTB lanean ari dira, datorren astelehenean (martxoak 30) abian jarriko den hezkuntza saio berria prestatzen. "Bitartean, Etxetik Ikasten" izenburupean, programaren helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea izango da, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat.

Hezkuntza saio hau euskaraz eskainiko da, eta dagozkien curriculumei lotutako edukiak bilduko ditu.

Basurto ikastetxe publikotik burutuko dira saioak. Egunero, 9:00etatik 12:00ak arte, ikasleen curriculumekin loturiko hainbat eduki eskainiko dira. 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira.

Era berean, Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa da "Bitartean, Etxetik Ikasten" saio interaktibo bihurtzea. Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak luzatu ahal izango dituzte, eta hauen erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira.

Hemen daukazue saioaren nondik norakoak azaltzen dituen bideoa

https://www.eitb.eus/eu/hiru3/bideoak/osoa/7126476/bideoa-etb3k-eta-eitbeusek-hezkuntza-edukiak-eskainiko-dituzte-egunero/

Atalak eta gaiak

Egunero, "Bitartean, Etxetik Ikasten" saioa Aldaba izeneko tartearekin irekiko da. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea izango da; jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erantzuteko momentua.

Programan ikasleen interakzioa ere bilatu nahi da. Horretarako, irakasleek haurrei gonbidapena luzatuko die beraien galderak bidaltzeko, eta hurrengo saioetan galdera horiei erantzungo zaie.

Orobat, egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratu dira. Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta. Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz jolasak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu, bitxikeriak…), idatzizko adierazpena ahaztu gabe. Bestalde, Mugi-mugi atalak itxialdian gauden bitartean gorputzaren lanketarako ariketak proposatuko ditu.

irazabal


Hari-mataza tartean matematikaren txanda izango da: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak…

English corner-ean, berriz, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak, errutina, hiztegia, esaldi labur, irakurketa, olerki, ipuin animatu, marrazki bizidun, albiste labur, baina beti ere ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak gaia landuko da Muduaren birak atalean, eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dute, beste gai batzuen artean. Zientzia Edonon sailak, berriz, honako gaiak jorratuko ditu: metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean, esperimentazioa eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, modu errazean, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.

Musikak izango du, berebat, bere lekua. Ttakun Ttakun atalean musika adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira. Eta azkenik, Bitakora-k egingo du egunaren itxiera, zer ikasi den errepasatuz eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatuz.

Hau guztia, ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasoko da ondoren (webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan).