Bizi osoko ibilbideagatik saritu dute Kontxa Laspiur

Gure Balioak saria jaso du Debegesaren eskutik
2024/11/27 14:00
eta kitto!

Atzo banatu zituen debegesak 'Gure balioak' sariak. Sarien sorreratik existitu den “Bizitza osoko ibilbidea” kategoria honen helburua pertsona bat bere bizitzan edo ibilbidean zehar eskualdeko gizarte-balioak ordezkatzeagatik saritzea eta aitortzea da, zehazki, Debabarrenean bertakotzat eta bereizgarri jotzen diren gizarte-balioak: integritatea eta errespetua, berrikuntza, solidaritatea eta lankidetza, eta ekintzailetza.

Honako edizio honetan, 33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzailea izan den eta egun gutxi barru 100 urte beteko dituen Kontxa Laspiur Zabala saritzea erabaki du epaimahaiak. Laspiurrek, aipatutako Debabarreneko gizarte-balioak ordezkatzeaz gain, gainditze espirituaren, entregaren, solidaritatearen eta erresilientziaren balioak ere ordezkatu ditu Debabarreneko gizartea euskaldun bilakatzeko lanetan, bai bere ibilbide profesional zehar, baita pertsonalean zehar ere.

Laspiur bera, bere familia lekuko zela, igo zen oholtzara saria jasotzera. Oso pozik eta hunkituta zegoela adierazi zuen irabazleak eta esker onak eman zituen: “Nik oso gustura egin dut lan euskararen alde. Nahi dudan gauza bakarra euskara salbatzea da. Denon esku dago euskaraz hitz egitea. Gora euskara!”.