Bizikleta Eguna ospatuko du Eibarko Txirrindulari Elkarteak igandean

Egitarauan ibilaldiak, hiriko zirkuitua eta haurrentzako gunea izango dira, besteak beste
Bizikleta Eguna ospatuko du Eibarko Txirrindulari Elkarteak igandean
2026/09/22 10:00
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Txirrindulari Elkarteak Bizikleta Eguna antolatu du datorren iganderako, irailaren 27rako. Denboraldiko lasterketen egutegia amaituta, elkarteak urteko azken bi ekitaldiak ditu orain begiz jota: Bizikleta Eguna eta azaroaren 21ean egingo duten Txistorra Eguna. Lehenengoarekin, adin guztietako herritarrak bizikletaren inguruan elkartu eta kirolaz eta lagunarteaz gozatzeko gonbita egin dute.

Egitaraua 9:30ean hasiko da, kostaldeko buelta egiteko asmoz Untzagatik abiatuko diren zikloturista eta mountain bike zaleen irteerarekin. 10:00etan, berriz, goizean egingo diren ekintzetan parte hartzeko, haur eta gaztetxoentzako izen-ematea zabalduko dute udaletxeko arkupeetan. Parte-hartzaileek dortsala jasoko dute, eta zenbaki hori erabiliko da jardunaldiaren amaieran egingo den opari-sarirako zozketan.

11:00etan, haur eta gaztetxoen martxa abiatuko da Untzagatik. Mekola kaletik bidegorrian barrena joango dira Amañaraino, eta bide beretik itzuliko dira Untzagara. 11:30ean, hiriko zirkuitua prestatuko dute Toribio Etxebarria, Zuloagas, Calbeton eta Untzaga kaleen artean, bi itzuli egiteko. Txikienek, bestalde, plazan jarriko duten zirkuitu berezian ibiltzeko aukera izango dute. 0 eta 8 urte bitarteko haurrentzat trizikloak eta motorrak erabiltzeko gunea ere prestatuko dute.

Antolatzaileen asmoa da kostaldeko buelta egin duten zikloturistak anbulatorioaren ingurura joatea, gainerako parte-hartzaileekin elkartu eta denak batera Untzagara heltzeko. Egitarauaren arabera, zikloturisten topagunea eta helmuga Apalategin izango da, 12:00etan.

Jardunaldiaren amaieran, helduentzat salda eta txorizoa prestatuko dituzte udaletxeko arkupeetan, eta 0 eta 12 urte bitarteko parte-hartzaileentzat opariak zozketatu eta banatuko dituzte.