‘Bizkarsoro’ filma Eibarren martxoaren 6an
‘Bizkarsoro’ filma eskeiniko da martxoaren 6an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Coliseo antzokian. Sarrerak 3 euroan erosi ahal izango dira leihatilan, egunean bertan.
Eibarren Akebaik antolatuta eta Eibarko AEKren Korrika egitarauaren barruan, “Bizkarsoro” filma iritsiko da Eibarrera. Josu Martinez zinemagilearen luzemetraia da: euskaldunek Ipar Euskal Herrian jasandako zapalkuntza hizpide duen fikziozko filma da. 1914tik 1982ra bitartean gertatutako bost istorio biltzen ditu filmak, ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko istorioak, bost hamarkadatako kontakizuna, hain zuzen.
Martinez Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea eta Kultur Antropologian lizentziatua da, eta zinema eta hizkuntza gutxituak ditu ikerketa-lerro nagusi.
Eibarko Udalak UEUrekin lankidetzan antolaturiko XIV. Juan San Martin bekaren irabazlea izan zen Martinez 2019ko deialdian. “Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza.” liburua argitaratu zuen orduan, eta horretaz gain, sorkuntza-arloan hainbat film luze dokumental eta fikzio laburren egilea da.
Filma amaitzean Izaskun Urkijo filmeko arte zuzendariarekin solasaldia egongo da, filmaren inguruko gogoeta eta hausnarketak partekatzeko.
Emanaldi berezia, gazteei zuzenduta
Filmak duen eduki soziopolitiko eta linguistikoari helduta, arratsaldeko emisioaren aurretik, goizean, emanaldi berezia antolatu du Eibarren Akebaik bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta, filmaren bitartez, Euskal Herriko ezagutza soziolinguistikoa landu dezaten.