Bookcrossing tailerra Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako
Apirilaren 2an ospatzekoa den Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, honako jarduerak antolatu ditu Juan San Martin liburutegiak:
- BOOKCROSSING TAILERRA (izen-ematea apirilaren 1a baino lehen)
BookCrossing-a leku publikoetan liburuak “askatzea” (lagatzea) da, gero beste irakurleren batek hartu eta gauza bera egin dezan. Helburua liburuak “oihanean” askatzea da beste norbaitek aurki ditzan. Horren inguruan trebatzeko, apirilaren 2an, 16.30etan, Galtzagorri Elkartearen eskutik, tailerra egingo dute liburu batzuk askatzeko. Bertan, dinamizatzaile batek azalduko du zer egin behar den, zer den bookcrossing egitea, zein helburu duen ekintza honek eta nola egiten den. Tailer honetan parte hartzeko aurretik izena eman behar da Liburutegian, apirilaren 1a baino lehen. Doan izango da.
- Bestalde, apirilaren 2an bertan, baina 18.00etan, Irrintzi Taldeak Lau anaia umezurtzak lana eskainiko du Umeen Liburutegian, Kutxak babestutako emanaldian. Antolatzaileen berbetan, "eskuko txotxongilo edo kurriñoen munduan sartzen gaituen emanaldia izango da. Antzerki mota honek ematen duen bizitasun, konplizitate eta umorean profitatuz, ipuin klasiko honen bertsioa eskainiko zaie txikienetatik hasi eta familia osoari".
- Horien aurretik, baina, hileroko moduan zapatu honetan Zapatuko Ipuinaren txanda izango da. Zurrumurru Antzerki Taldeak “Hain anitza, hain ederra” eskainiko du, 18.00etan Umeen Liburutegian. 5 urtetik gorako haurrentzat egokia den saioak 50 minutuko iraupena izango du eta sarrera doan izango da.