Boteprontuan Euskeraz! dinamikak antolatutako herri-bazkarirako txartelak gaur eta bihar salduko dituzte Untzagan

Boteprontuan Euskeraz! dinamikak antolatutako herri-bazkarirako txartelak gaur eta bihar salduko dituzte Untzagan
2022/11/18 15:25
eta kitto!
Boteprontuan Euskeraz izenarekin Eibarren abiatu berri den dinamikaren baitan, abenduaren 3an ospatuko den Euskeraren Egunerako egitaraua prestatzen ari dira eta, egitaraua erabat itxi barik egon arren, antolatuko dituzten hainbat jarduera aurreratu dizkigute. Abenduaren 2an, barixakuan hasiko da programa eta, besteak beste, hitzaldia eta karropoteoa egingo dira. Eta zapatuan, Euskararen Egunean, goizetik hasiko dira, umeendako prestatuko dituzten jarduerekin. Horrekin batera kalejira, talde-argazkia, herri-bazkaria, ekitaldia, bazkaloste musikatua eta erromeria ere izango dira egitarauan. Bazkarirako tiketak gaur (20:00etatik 21:00etara) eta bihar (13:00etik 14:00etara) salduko dituzte, Untzagan ipiniko duten mahaian (17 euro ez prekarizatuak, 14 euro prekarizatuak).boteprontuan kartelaGeure hizkuntzak arnasa har dezan hamaika ahalegin egiten dira herrian urte osoan zehar, baina egutegiari begira kontuan hartu beharreko bi hitzordu garrantzitsu dauzkagu euskaltzaleok aurretik: batetik gaur hasi eta abenduaren 2an amaituko den Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Eta, bestetik, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna. Bi ekitaldi horien harira, eta euskararen erabilera eta presentzia gure herrian areagotzeko gogoak bultzatuta, aurreko astean abiatu zen “Boteprontuan euskeraz” izeneko ekimena, herriko euskaltzale guztientzat zabalik Arrate Kultur Elkartean egindako bileran.

Eibarko gazte mugimendutik datozen hainbat lagunek euskararen inguruko dinamika bat ipini nahi dute martxan. Izan ere, “ikusita Eibarren euskerak ez duela presentzia handirik", ariketa modura planteatu nahi dute Euskararen Egunerako. Asmo horrekin, Eibarko Euskalgintzak antolatutako egitarauari beraien ekarpena egiteko lanean hasi dira. Edozein modutan ere, prestatzen dituzten jarduerak euskalgintzan diharduten beste taldeekin koordinatuta antolatuko dituzte, elkarren osagarriak izateko.

Dinamika aurkezteko egin zen lehen bilera irekiaren aurretik, Eibarren euskeraren egoera nolakoa den inguruan hausnarketa egin zuten, eta bertatik irten zen ondorio nagusia Eibarren euskeraz bizitzeko baldintzarik ez dagoela izan zen, “nahiz eta euskeraz bizi nahi dugun. (Bizi)irautean baino, bizirik nahi dugu euskera, beharrezko baliabide, eskubide eta irtenbideak bermatu”. Hori lortzeko “euskal hiztunok, hiztun kontzientzia” hartu behar dugula argi daukate. Diotenez, “ahaldundu egin behar gara, bizi dugun zapalkuntzaz jabetu eta dagozkigun hizkuntz eskubideak defendatu”.

ZER DA BOTEPRONTUAN EUSKERAZ?


Euskeraren egunerako egitarau bat antolatzean oinarritzen den dinamika bat da.


ZEIN IZANGO DA EGITARAUA?


Herri bazkaria erdigunean jarri nahi dugu. Baina, horrez gain, umeentzako aisialdi eskaintza, kontzertuak eta hitzaldiak antolatuko ditugu.


ZERGATIK BURUTZEN DUGU DINAMIKA HAU?


Euskaraldiari ekarpen bat egiteko. Baina, norbanakoen erabileran fokua ipini beharrean, kolektiboan burutu beharreko ariketa batean jarri nahi da fokua. Espazioak sortu behar ditugu, euskaldunok saretu eta ahalduntzeko.


egitaraua