Boxeo jaialdiak zilarrezko ezteiak biziko ditu gaur
Guztira zortzi borrokaldi izango ditu jaialdiak, boxeoko amateur mailakoak batzuk eta sanda modalitateko profesionaletakoak besteak. Osatutako karteldegiak elite mailako bost boxeo borrokaldi iragartzen ditu, gehienak Gimnasio Gasteiz eta Bilboboxing taldeetako kirolarien artekoak. Horrela, 54 kilo barrukoan Dorleta Zubeldiak eta Oibar Artetxek neurtuko dituzte indarrak, 75 kilokoan Kevin Saavedrak eta Alison Gomezek, 63 kilokoan Bussef-ek eta Jose Perezek eta 89 kilo barrukoan Ibai Aratxamendik eta Cristian Bolak.
Arabako eta Bizkaiko ordezkarien artekoetatik aparte, 66 kilorainoko borrokaldian gure herriko Ttatt gimnasioko ordezkaria izango dugu: Aitor “Guda”-k Burgos Boxing ordezkatuko duen Adrian De Lis Santos izango du aurrez aurre. Ramon Quina “Guda”-ren prestatzaileak dioskunez, “Beasaingoa bada ere, gurekin dabil entrenatzen eta debuta egingo du boxeoan. Arte martzialetatik dator eta K1 profesionaletan Euskadiko txapelduna izan da; boxeoan hasteko beteranoa bada ere, bidea egin dezake”. Sanda modalitateko gainerako hiru borrokaldietan beste emakume batzuk ere hartuko dute parte, Sandra Canabal eta Marta Coral tartean. Eta hor izango da baita Quinarekin entrenatzen duen Amer soraluzetarra ere. Kontuan izan behar da, dena dela, hurrengo asteburuan Wu-Shu modalitateko Espainiako txapelketak jokatuko direla Madrilen eta “lehiaketa horrek garrantzi handiagoa duela gure kirolarientzat”.
Beteranoak eta gazte jendea
Astelenako Sanjuanetako jaialdia beteranoena da Gipuzkoan, Ordiziakoaren atzetik. “Gureak 25 urte egiten baditu orain, Ordiziakoa 50.aren bueltan ibiliko da”, dio Jose Perez “Amañako Tigreak”. Hala ere, biek ala biek faltan botatzen dute ikasturte guztirako egutegia izatea: “Aspalditik diogu hori zehaztu beharrean gaudela, kirolariak ere hobeto prestatu daitezen. Egutegi finkoarekin antolatzeko tartea izango lukete, azken momentuko erabakien menpe egon beharrean”. Bizkaian boxeoak indar gehiago duela diote eta prestatuago daudela: “Horrela sortzen dira hemen ere boxeatu zuen Kerman Lejarragaren modukoak”.
Zaletuei erraztasunak ematea dago data aurreratzearen zergatian: “Sanjuanetan nahiko ekitaldi izaten da bestela ere eta horregatik jarri genuen borrokaldia aurreko asteburuan. Baina azken urteotan horko asteburura eraman dituzte kontzertu handienak ere... Adinean sartuta eta boxeoa betidanik maite dutenekin batera, gurekin entrenatzen duten eta kontaktuzko borrokak gustoko duten gazteak batzen dira Astelenan; bada, aldi berean kontzertuak ipintzen badizkiete, beste zeozer asmatzera derrigortuta gaude”. Bestalde, iaz emakumezkoen arteko lau borroka eskaini bazuten, "oraingoan birekin konformatu behar izan dugu".
28 urteko harremana
Denbora hori daramate Pepe Perezek eta Ramon Quinak elkarrekin lanean. Bien kasuan, boxeoarekiko grina bizitza guztirako zaletasun bihurtuta, halako batean Ramonek Joserengana jo zuen eta ordutik ez da inoi z damutu: "Zintzotasuna da gure arteko harremanaren ardatza, lana egitea eta seriotasunaren bidetik jardutea", diote biek.
Baten eta bestearen sasoiak desberdinak izan arren, euren gustoko kirolean ezin zuzenagoak izan dira. "Bizioak eta halakoak alde batera laga behar dira", dio Perezek. Derrigorrez zaindu behar, aste bakarrean hiru borrokaldi egitera ausartu zena: "Gainera, hiruretatik bi irabazi nituen eta bestea nulo laga zuten". Super-arin mailan borrokatu zuen Amañako Tigreak, "18 urterekin hasi eta 24 egin arte. Ezkondu eta laga nuen". Guztira 54 borrokaldi egin zituen, 46 irabazi, lau berdindu eta beste lautan galtzaile izateko, beti ere amateur mailan, profesionaletara pasatu barik.
Ramon Quinaren ibilbidea desberdina izan zen, beteranoago zela ekin ziolako boxeoari, aurretik Wu-Shu borroka modalitatean bere mailan Europako eta munduko onena izan ondoren. Amateur mailan 35 borrokaldi egin eta gero (Espainiako azpi-txapeldun geratu zen), neo-profesionaletan beste sei egin zituen (bost irabaziz) eta, behin profesionaletara jauzia eginez, 18 borrokalditan 14 irabazi zituen eta lau galdu.
Eibarko boxeolarien artean, Andoni Amaña izan zen izen gehien hartu zuena, welter eta ertain pisutan Espainiako txapeldun izanik hainbat alditan. Berak ere Astelenan egin zuen debuta; 64 borrokaldi egin zituen profesionaletan.