Braulio, musika taldea: “Abesti bakoitzean atmosfera desberdinak sortzen dira”

Braulio, musika taldea: “Abesti bakoitzean atmosfera desberdinak sortzen dira”
2021/03/26 09:12
eta kitto!
Ondarroako eta Eibarko kideek osatzen duten Braulio taldeak martxoan grabatu zuen zuen lehen diskoa. Harrera ona izan du, “nahiz eta pandemiarekin zailagoa izan den jende gehiagorengana heltzea”. Euren lana hobeto ezagutzeko, jo Facebookeko orrira edo e-maila idatzi (brauliotaldea@gmail.com).



Konfinamendua ezarri baino pixka bat lehenago grabatu zenuten diskoa. Pandemiak nola baldintzatu du zuen jarduna?

Diskoa grabatzea eta kontzertuak ematea zen gure asmoa. Kontzertu batzuk lotuta genituen, baina pandemiarekin dena gelditu zen. Hala ere, zortea izan dogu eta bost kontzertu eman ahal izan ditugu, baina egoera ez da ona kontzertuak eskaintzeko, batez ere musikari profesionalak ez garenontzat. Kultura ez profesionala guztiz geldituta dago, aukera barik, eta komunitate ez profesionala handia eta zabala da gure herrialdean. Kultura zabala eta aberatsa da gure herrian, eta horren parte handi bat guztiz baztertuta dagoela sentitzen dugula. Berez, entseguak ere ezin ditzakegu egin, profesionalak ez izateagatik.

Hartutako neurrien eragina igarri duzue zuzenekoetan?

Kontzertuetan sortzen den giroa guztiz desberdina da. Lehen zegoen berotasuna, orain desberdina da, zintzoagoa, baina baita hotzagoa ere. Hala ere, gustora sentitu izan gara emandako kontzertuetan eta jendearen harrera ere ona izan da.

Nolakoa diskoa egin duzue?

Lanak lau abesti ditu, denak garapen luzekoak. Abesti bakoitzean atmosfera desberdinak sortzen dira, beraz, lasai entzuteko diskoa dela esango genuke, entzunaldiekin hobetzen doan horietakoa. Rock abestiak dira oinarrian, beti ere gure erara eginez, konplexu barik.

Norman taldean elkarrekin ibili zarete. Erraza egiten zaizue proiektu bata eta bestea banatzea?

Norman momentu honetan lozorroan dago, Bates Motelera itzuli behar izan du bere ama zaintzera eta denboralditxo batez egongo da han. Beraz, orain Brauliorekin gaude burubelarri.

'Braulio' izena bitxia da. Kontatu daiteke nondik datorren?

Kepak, proiektuaren aitak, izen xelebrea eta motza nahi zuen, eta Braulio aukeratu zuen. Asko galdetzen digute izenagatik. Spotifyn bilatu ezkero, gure diskoa Braulio abeslariaren diskografia barruan agertzen da. Momentuz ez dugu salaketarik izan (barreak).

Diskoak lau abesti ditu, baina gehiago dituzue esku artean. Lan berria prestatzen diharduzue ala kontzertuetan bakarrik izango dugu abesti horiek entzuteko aukera?

Abesti gehiago ditugu grabatzeko, eta BAPen bertsio bat ere prestatzen gabiltza. Egoerak lagatzen digun neurrian abesti guztiak grabatzea da gure asmoa. Beharbada disko motzak egiten jarraituko dugu, grabatzeko eta entzuteko arinagoa dela uste dugulako. Abestiak zuzenean entzuteko aukera izatea ere espero dugu.