Brigada Morea aurten ere martxan izango da Arrateko jaietan

Aurreko urteetan bezala, Brigada Moreako kideak Arrateko jaietan izango dira indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzen, erasoak eragozten eta baita biktimei lehenbiziko arreta ematen ere. Horretan buru-belarri dabil Jaixak Herrixak Herrixandako taldea. Brigada Morearen inguruan egin dugu berba jai batzordeko Irati Azpilikueta, Maite Elortza eta Miren Cid-ekin.
2024/09/06 14:40
eta kitto!

Herri askotako jaietan ikus ditzakegu Brigada Moreak, emakumeendako ez baita eremu segurua oraindik. Eibarren Jaixak Herrixak Herrixandako batzordeak antolatzen ditu gaur egun, eta aurten ere Arrateko jaietan egongo dira, edozein motatako erasoa jasaten dutenei babesa emateko prest. Izan ere, Brigada Moreak autodefentsa feministaren tresna garrantzitsuenetako bat bihurtu dira.

Eibarko Brigada Moreako kideak dira Miren Cid, Irati Azpilikueta eta Maite Elorza, eta,  azaldu digutenez, "jaietan edozer pasatzen zaizula, arduradunengana joan zaitezke –txaleko morea eramaten dutenak dira–, edo bestela sarea osatzen dutenengana; azken hauek brazalete morea eramaten dute. Horrez gain, aurten puntu more moduan Jaixak Herrixak Herrixandakoren txosna egongo da, eta, beraz, edozein arazo izanez gero, bertara gerturatzea besterik ez dago.

Brigada Morea antolatzearen  arrazoiak azaldu dizkigute hiru gazteek: "Emakumeak arlo guztietan gara erasotuak  (familian, lanean, eskolan...), eta jaiak ez dira salbuespena. Horri erantzun bat emateko antolatzen dugu Brigada Morea. Ez dago eraso mota bakar bat. Kasuak askotarikoak izan daitezke. Protokoloan bi mailatan banatzen ditugu, intentsitate altukoak eta baxukoak, bereziki kudeatzeko modua aldatzen delako. Intentsitate baxuko erasoak hamar mila dira (irainak, komentarioak, ukituak, norbaitek turra ematea...). Deserosotasuna sortzen dizun hori ere erasoa da.  Hain normalizatuak ditugu eta hain dira egunerokoak, askotan ez ditugula identifikatzen. Eta askotan pentsatzen dugu inork ez digula kasurik egingo. Horretarako gaude gu. Brigada Morea antolatzen dugu, erasoa kudeatzeaz aparte, babesa emateko gure artean, hau da, jakiteko norbait dagoela zurekin".  

Intentsitate altuko erasoak izango lirateke bortxaketak,  jipoiak..., eta "horiek modu desberdinetan kudeatzen ditugu. Brigada Morean lehentasuna ematen diogu erasotua izan den pertsona artatzeari. Ahal dugun guztian lagunduko diogu: komisaldegian salaketa jarri nahi badu, publikoki salatu nahi badu, erasotzailea bertatik kanporatu nahi badu... Erasotuari eskura ditugun baliabideak ematen dizkiogu eta erabakia bion artekoa izaten da. Gure oinarria, beti ere, babesa ematea da", diote.

Brigada Morea osatzen duen sarean momentu honetan 50 lagun inguru daude: "Herriko jaietan horrelako sare handia sortzea lortu dugula ikustea oso pozgarria da. Talde motorra Jaixak Herrixak Herrixandako da, baina gero eta jende gehiago eta gazteagoa gerturatzen da bileretara, eta hori oso garrantzitsua da. Bileretan hausnarketak eta eztabaida mordoa edukitzen ditugu. Aurrelanketa horrek laguntzen digu erasoak identifikatzen eta beste jende baten babesa bilatzen. Erasoak ezin ditugu normaltasun bihurtu, eta hori helarazi nahi dugu gehienbat". Era berean, Brigada Morean eraso mota guztiei erantzuten dietela argi utzi nahi dute, izan eraso matxistak, izan arrazistak, transmaribibollofoboak...

Jaietan telefono bat izango dute arduradunek uneoro (643 21 30 46). Beraz, edozer gauza ikusi edo jasan ezkero, deitu besterik ez daukazue.