Brodas Bros, dantza urbanoa: “Bidaietan bizitakoa jaso eta dantzara eraman dugu”

Brodas Bros, dantza urbanoa: “Bidaietan bizitakoa jaso eta dantzara eraman dugu”
2020/09/18 07:28
eta kitto!
Dantza urbanoaren munduan izen handiko taldea da Brodas Bros. Mundu guztian zehar ibili dira dantzan eta jasotako esperientzia bilduz prestatu duten ‘Around the world’ ikuskizuna aurkeztu zuten uztailean. Dantza, argia, teknologia eta musika uztartzen dituzte, eta bihar Coliseoan izango ditugu 19:30ean.

 

Nolako harrera izan du ‘Around the world’ ikuskizunak?

Sasoi zailak bizi ditugu, baina, era berean, esker onez jaso dugu ikuskizunak izan duen harrera. Bartzelonako Victoria antzokian aurkeztu genuen eta hiru egunetan egon ginen taula gainean, aforo mugatuarekin. Demaseko atxikipena izan zuen. Jendeak antzerkira joateko gogo handia zuen. Urtebeteko lana egin genuen ikuskizuna prestatzen eta, aurkezteko prest geundenean, bertan behera laga behar izan genituen saio guztiak. Beraz, oso pozik sentitu ginen aurkeztu ahal izan genuenean.

 

Nolakoak izan dira ikuskizun honetan irudikatzen dituzuen bidaiaz beteriko urte horiek?

Taldea 2006an sortu genuen eta ordutik toki askotan ibili gara: Txile, Ekuatore Ginea, Brasil, AEB, Txina (bisitatu genuen lehen hiria Wuhan izan zen), Japonia… Bizi izan genuena, koloreak, musika eta bestelako gauzak jaso eta dantzara eraman ditugu.

 

Etengabe atzera eta aurrera ibili ondoren, etxean itxita geratu behar izan duzue. Nola moldatu zarete?

Gogorra izan da eta berriz dantzan hasi garenean igarri dugu gorputza ez zegoela lehen bezala. Itxialdian denetarik egin genuen sasoian egoteko. Behintzat, denbora gehiago izan genuenez, sare sozialetan gehiago azaldu ginen. Orain, dantzari berriro ekin eta  ikuskizun berriarekin hainbat saio egin ditugunez, urrun ikusten dugu sasoi hura. Oso motibatuta gaude.

 

Antzerkian, zinean, publizitatean… ibili zarete. Nola konpontzen zarete arlo ezberdinetan dantza egiteko?

Erronkak gustora hartzen ditugu. Proposamen erakargarriak egiten dizkigutenean, nahiz eta zailak iruditu, baietz erantzuten dugu. Zenbat eta zailagoa izan, orduan eta gehiago gustatzen zaigu. Adibidez, Kukai Dantzarekin hip-hopa eta euskal dantza uztartu genituen. Estilo eta egoera ezberdinetara egokitzea gustatzen zaigu. Behin telebistako albistegi bateko sintoniarekin dantza egitea eskatu ziguten eta nahiko ondo geratu zen.

 

Mundu guztian zehar ibiltzeaz gainera,  punta-puntako teknologia erabiltzen duzue ikuskizunetan, baina nolako bidea egin duzue horra heltzeko?

Guretzat gauzarik onena Frantzia oso hurbil egotea izan da. Han hip-hoparen eta dantza urbanoaren inguruko zirkuitu egonkorra dute eta eredu izan dira guretzat. Hala ere, gauzak gure erara egin ditugu beti. Bidea egin behar izan dugu hemen eta zaila izan da, baina etengabeko bilakaera izan dugu. Bide luzea izan da eta oraindik ate asko ireki behar ditugu. ‘Around the world’ bide horretatik doa. Gauza berria da, teknologiaz betea. Buru-belarri sartu gara proiektu honetan, genuen guztia eman diogu eta lortu dugun emaitzan igartzen da.