CD Urki denboraldi berria prestatzen ari da eta bazkide kanpaina jarri du martxan
CD Urki futbol taldeak historia egin zuen orain dela bi denboraldi Ohorezko Erregional Mailara igota eta, iaz mailari ondo eutsi ondoren, historia egiten jarraitu nahi du aurten. Horretarako, zaleen babesa ezinbestekoa izango da eta bazkide kanpaina jarri du martxan.
Bazkide izateko 20 euro ordaindu behar izango dira eta trukean hainbat abantaila jasoko dituzte bazkideek: opari ‘urkista’, autobusez bidaiatzeko aukera eta kanpoko partidetan deskontuak, eta jai eta ekitaldietan parte hartzea jokalariekin batera.
Hori gizarteratzeko, bideo hunkigarria landu dute, CD Urki-k zelaian eta zelaitik kanpo egiten duen lana azpimarratuz.
Aurpegi berriak
CD Urki-k irailaren 13ko asteburuan ekingo dio 2026/27 denboraldiari eta lehen aurkaria Zarautz KE izango du, iaz 3. RFEF mailan ibili zena. Neurketa gogorra izango du mailaz jaitsi berri den taldearen aurka, baina eibartarrek prestakuntza ona egiten dihardute uda honetan. Azken lagunartekoan, adibidez, 0-4 gailendu zitzaion Ermua CD-ri Arosaren, Keparen, Coboren eta Tejadaren golei esker.
Urkik beste bi lagunarteko jokatuko ditu denboraldia hasi aurretik: lehenengoa CD Anaitasunaren aurka, irailen 1ean; eta bigarrena Mutriku FT-ren kontra, irailaren 4an, biak ala biak Unben.
Jokalari dagokionez, hainbat aurpegi berri ikusi ditzakegu Urkiren lehen taldean. Horrela, Iñigo Susaetak, Salaheddin Chajranek eta Mohamed Gourmatek taldea laga dute eta hauek dira fitxaketa berriak: Markel Arosa, Iker Egaña. Ekaitz Otaegi, Gorka Magunazelaia, Aimar Cristobal, Hugo Aldazabal eta Ander Magunazelaia.
Aulkian ere aldaketa egon da. Izan ere, Kike Zubizarretak taldea laga du eta orain Mikel Bilbao izango da entrenatzaile berria. Bilbaok Urkin jokatu zuen zenbait urtetan eta orain arte SD Eibar-en harrobian ibili da lanean.