“Cinco lobitos” filmak emango dio hasiera Martxoak 8ko egitarauari
Barixakuan, martxoak 1, zine-forum feminista saioa egongo da Portaleko Areto Nagusian, eta, modu horretan, hasiera emango zaio Martxoak 8ko lantaldeak antolatutako egitarauari. Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako ”Cinco Lobitos” filma ikusi ahal izango da Pagatxa emakume elkarteko Izaskun Rodríguez Elkorok dinamizatutako saioan. Ekitaldia 18:30ean hasiko da.
Amatasunaren eta zaintzaren haritik tiraka sortu zuen Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak ”Cinco Lobitos” film laudatua. Laia Costa du protagonista, ama izan berri den eta nola jokatu behar duen ez dakien Amaiaren paperean.
Amaiak haurtxo bat izan berri du. Bikotekidea zenbait hilabeterako kanpora joaten zaionean, Amaia erabat gaindituko du egoerak: izan ere, ezinezkoa egingo zaio haurra zaindu eta, aldi berean, itzultzaile gisa zuen lanari berriz heltzea. Gurasoen etxera babes bila joango dira orduan bera eta haurtxoa, euskal kostaldeko herri polit batera, bertan laguntza jasoko duelakoan. Baina bizitzak beste plan batzuk ditu: ama gaixotu egingo zaio eta Amaiak zaindu beharko ditu denak. Familia-rolak alderantzikatu eta harremanak betiko aldatuko dira. Alaba guztion ama bihurtuko da. Amaiak maitasun handia izan du beti amarekiko, baina aurrerantzean ulertu ere egingo du.